Ecusson de
Hazparne
​
Ecusson des Missionnaires
Chapelle
du
Sacré Coeur
HAZPARNEKO MISIONESTAK
Misionesten etxearen eraikitzailea Jean Baptiste GARAT
JEAN BAPTISTE GARAT PIKASARRI.
Sortu zen Hazparne Pikasarrian, 1773 eko uztailaren hamazazpian. 29 urtetan etorri zizaion apez egiteko gogoa eta ordutik hasi zituen ikastaldiak, peko mailatik abiatuz. Ordu arte bizi alaia eremana zuen Hazparnen, pesta antolatzaile lehena izanez. Apeztu zen 1807 eko urtean eta Ustaritzerat izendatu zuten.
Ustaritzen, laster ohartu ziren pereiku alkitik mintzatzeko zaukan dohainari. Apez hunen izaitea ongi inguratzeko, huna Hazparnen gertatua eta Xipri Arbelbidek kondatzen duena beren liburuan,(Jean-Pierre Arbelbide 1841-1905).
< Urte batez, Hazparneko jaun Erretorak bere Eliza-Pestarako predikaritzat galdatu zuen, eta sekulan menturaz ez dute Hazpandarrek halako prediku sarkorrik entzun. Ez zituen hitz bakar batzu baizik erran herriko Patroinaz, Jaundone Joani-8atistaz; mintzatu zen bere buruaz, bere gazte denborako zorokeriez, bere espantuez, bere barreiamenduez. Eta nola urrikiaren karrak emendarazten baitziozkan bere hutsak, erran ahala baino gehiago ari zen bere buruaren apaltzen, osoki belzten, bularrak joiten zituela eta begietarik nigarra zariola. Eta elizako jende guzia nigar hipetan, halako moldez, nun azkenean ez baitzen gehiago predikaria entzuten ahal. Oi zer kofesioa! Aitorlearentzat ere baino gehiago, populu handi batentzat osoki baliatu zena. Prediku alkitik jaustearekin erran zioten: "Ene herritar maiteak, aitortu dauzkizuet ene bekatuak diren bezala; hemendik goiti, zuenak aipatuko ditut, hekien gudukatzeko eta zuen salbatzeko."
​
​
​
Misionesten Etxea - Landaburua.
​
​
​
​
​
​
​
​
​
​
1814 eko urtean etorri zen Hazparnerat, Bikari, eta hor egon, zortzi urtez. 1822 ko urtean, gogoan hartu zuen misionesten etxe baten eraikitzea.
Haren lehen misionest lagunak izan ziren: Aita Intxauzpe eta bi diakre Girez eta Gimon. Gero jin ziren: Aita Zarote, Aita Pergilhem eta Aita Haramburu.
Behin, Baionako semenariotik hurbil kokatu ziren lehen misionestak. Gero laster, Larresoron erosi zuten Iturrinea deitu etxe bat , bainan han jarri bezain laster, Hazparnen Landaburua deitu etxea saltzeko gertatu zen eta Jean Baptiste Garat -en nahia zen betidanik, Hazparnen eraikitzea etxe hori. Nafarroa eta Lapurdiren juntan zelakotz, eta ere, bere sort-Herria gainerat.
Ez da gure gogoa Apez hunen bizi osoaren aipatzea hemen, bainan nola Garat Pikasarri-ren gazte denborako ixtorio batekin hasi dugun, bukatuko dugu hunen azken egunetan gertatuarekin. Ezindua zagolarik bere etxean, zangoek ez zuten gehiago atxikitzen eta norbeit behar zuen bere kaderarekin mugitzeko. Hazparnen, Jean Lissardi erretor zen denboran, ospe haunditan egin zuen Jesusen Bihotz Sakratuaren kongregazionearen pesta, Besta Berri zaharrez.
Goiz hartan berean, Aita Garat-ek entzun zuen nola Hazparneko etxeko jaunek elgar aditu zirela, bihiaren prezioa emendatzeko. Denbora heietan gosea zen herrian eta langilek ez zuten lanerat galderik. Hori entzun zuelarik, ez zuen bere burua arrazoinatu ahal izan eta Bezperak hasi zirenetik, deitu zuen sehia erranez: "Har ene kadera, ereman behar nauzue elizarat." Bi mutilek ereman zuten beraz elizarat. Ordukotz, hau, konkorraino betea zagon eta guziak boztu ziren, Pikasarri behar zutela entzun.
Prediku tenorea etorri zenean, Mahain Saindutik itzultzen da Aita Garat eta erraiten du:" Ez naiz predikatzerat etorria. Jaun Erretorak predikatuko derauzue nik baino hobeki; galdatuko diot bakarrik zenbait hitzen erraiteko baimena. Ikusten duzue jende erromesa (behartsua) zer hersturetan den. Ofizialek ez dute lanik, artoa egunetik egunera goratuz doa, bazterretan hainitz labe ja ez dire gorritzen. Ai! Zuek, aberatsak, go emazue Jainkoak ez zaitzaten fundi, jende gaixoaz ez bazarete urrikaltzen horrelako hesturan. Ez da zueri behatzen den lana erraitea, zer heinetan saldu behar duzuen ogi ala artoa. Auzapezak bakarrik egin dezake hori".
Harriturik bezala, bihiak beheratu ziren eta jendeak deskantsu poxi bat izan zuen. Hori izan zen Aita Garaten azken ateraldia; handik zazpi ilabeteren buruan joan behar zen Jainkoaren ganat.
1847 urtean Urtarrilaren lauean zendu zen Aita Garat Pikasarri, 73 urtetan. Hil ondoan Hazparneko elizaren erdian ezarri zuten bere kadiran jarria zagola eta hola agertzen zen herritarren aintzinean. Gorputza prosesionean eremana izan zen bere kadiran jarririk Misionesteko kapera arte eta han ehortzia da postura berean.
BIHOTZ SAKRATUAREN edo MISIONESTEN KAPERA
Hazparnen kokatu zirenetik, Misionestek eraiki zuten Kapera bat, mila zortzi ehun eta hogoitalauan (1824). Kapera ttipi hau, mila zortzi ehun eta berrogoita hemezortzian (1858), doietarik eskapatu zen, sutei batetarik. Kapera ez zen bakarrik, arras ttipia, bainan ere, dixtira gutikoa zen, hain bat arrunta, nun, egun batez, hazpandar batek erran zuen: " Jaun Misionestek egoitza ederra dute, bainan, nagusia, Jainkoa, etxola hitsean daukate".
Nola Kapera hortako elizkizunetan ainitz jende bazabilan, Misionestek erabaki zuten kapera haundiago baten eraikitzea. Hau jin zakion gogorat, Jean-Baptiste Garat, Misionesten Lehen zuzendariari, bainan, hunek ez zuen eraiki ahal izan eta ere, ez oraino, hunen ondotik izan ziren 4 superiorek. Misionesten kapera berriaren eraikitzailea izan zen beraz, seigarren superiora, Aita Lopez de la Vega. Hunek, Hiriart, Lafaye Tribout eta Beau, lau arkitekteri manatu zioten Kapera berriaren planoak egitea eta obren kudeatzea.
Lehen projektu bat eskaini zioten, Aita Lopez de la Vega-ri. Huntan, kapera berriaren sartzea, gaurko lizeoko portaletan bezala zen eta eki alderat luzara asmatua zen, gaurko kapera ez den bezala. Kapera ekialderat buruz eta Misionesten etxea sahetsean zaukala, huni, kalastrape bat lotua zaioten luze luzia. Obra gaitza baten ekaia zen, gastu izigarriekilan eta behar izan zuten beren ikusmoldea, eginahalaren izarietarat jautsi. Orduan, arkitektuek eskaini zuten, gaur ikusten ahal dugun kapera hunen itxurako ekeia; aldarea ez da, lehen projektuan zuen bezala, ekialderat, Eliza gehienek bezala, bainan, hegoalderat, eta sartzea, ipar aldetik eginen da, mendebaletik egiteko orde. Projektu hau onartua izan zen.
Ordutik, dirua behar zen bildu eta mila bederatzi ehun eta hogoita zortzitik (1928) haste, abiatu ziren emaitzak. Misionestak, herriz herri zabiltzan beren ekintzaren aipatzen eta Euskal Herri guzitik etorri ziren laguntzak ; hiruetan hogoita hamahiru (73) Parropia izan ziren dirua eman zutenak ; hauetan, Hazparneko herria izan zen emaile haundiena. Hazparneren egitate hunek, Aita Lopez de la Vega zuzendariari erranarazi zaion : " Emailen zerenda huntan, ohorezko lehen tokia dauka Hazparnek ; hunek gai ezartzen du, Bihotz Sakratuaren zaindari dagon euskal herrialdeko herria izaiterat. "
Hazparnez bertzalde, emaile haundienak izan ziren : DONIBANE LOHIZUNE, -hamahiru mila, zazpihun eta hiruetan hogoita hamar libera (13 770); HENDAIA, -hameka mila bortz ehun eta lauetan hogoi libera (11 580); URRUÑA, -hameka mila bortz ehun eta hamasei libera (11 516); SENPERE, -hamar mila bortz ehun eta hiruetan hogoita hemeretzi libera (10 579) ; BAIGORRI, BIDARRAY, GARAZI, -bortz eta sei mila arte hortan bakotxak, eta abar.
Kapera berriaren eraikitzen hasi zirenetik, eta hunen bukatzerat, 3 urte iragan ziren. Mila bederatzi ehun eta hogoitahamekako (1931) urtean bukatua da beraz, eta hunen ordaintzea, mila bederatzi ehun eta berrogoita bian (1942) izan zen , orotarat, orduko miliun bat, hiruehun mila eta berrogoitahameka (1 300 051) libera gosta izan zen. Dakiguna da, eraikitzearen denboran pagatu behar ziren obrak, ez zirela oraino Misionesten kutxan sartuak osoki, eta anartean, prestuzko diruarekin pagatzen zituztela obrak. Kapera eraiki ondotik, 10 urtez dirua bildua izan da Herrialdetan, eta azken finean, hiru mila sei ehun eta lauetan hogoita bortz (3 685) libera soberakindu zitzaioten Misionesteri.
Obra gaitza egin zuten hor, ekai ederrenekoekin, nola, aldare gaineko marbre ederra; berinki leihoak zoin ederragoak dira ere. Kapera barneko bi sahetsetan diren berinezko leiho bakotxak, Euskal Herriko herri baten erredolak ditu agertzen; 14 badira; hain xuxen, 14 horiek izan dira, kapera hunentzat gehienik eman duten Parropiak edo Herriak; beren laguntzaile hoberenen eskertzeko, molde eder bat kausitu zuten hemen Misionestek. Bertze leihoetan agertzen dira, Euskal Herriko zazpi probintzien berinazko erredolak, eta ere, Trinitate Saindua itxuratzen duen bat, leiho borobil batean dagona. Ainitz gosta izan ziren kapera barneko edergailuak, bi sahetsetan margotua den Sainduen prosesio ospetsua; hemen ohargarri da, Saindu hauen itxuretan, biga margotuak direla orduko jende batzuen arpegiekilan: Jean Lissar, Hazparnen Auzapez zena eta Gieure Apezpikua, orduko Baionako diosesaren buru zena.
Obra guziz ederra ere dago, aldare gaineko mosaikaz egina den Kristo Bihotz Sakratuaren itxura; hunek, besoak zabalik dauzka, Sainduen prosesionearen errezebitzeko beren erreinuan. Aldare nagusi hunen bi aldetan, bertze bi aldare badira: bat, Lurdeko Ama Birjinari eskainia eta bertzea, San Joseperi. Kapera guzian kausitzen diren idatziak Latinez edo Euskaraz dira.
Kapera eder hau bi mila eta hamargarren urte hunen hastean, Frantziako eraikin ixtoriko bezala izendatua izan da. Obra beharretan da kapera hau eta eraikin ixtorikoa izankiz diru Laguntza bereziak ukaiten ahal dira obra horien egiteko. Hazparneko Herriak bere egitarauan ezarria zuen kapera huni buruz zerbait egitea sobera funditzetik beiratzeko moldean.
Lehen misionea ( 1820-1821)an
Iduriz, sei urte, Hazparneko misionesten etxea eraiki aintzineko gertakaria da hau.
(Lehen misionea eman zuten Jaun Misionesten ohoretan, Bernard Larralde Bordaxuri-ren pertsuak)
1
Ahazparnen artzain handia, artzain estimagarria,
Bere partetik sustengatzen du bortizki erreligionea,
Orai ere herrian du bere gostuz Misionea,
Otoitz dezagun Zeruko Jainkoa kontserba dezon bizia.
2
Ahazparne lehen ere askotan da distingatu,
Oraino ere obra on egiten ez ahal da eneiatu,
Misione bat xarmagarria orai zaio arribatu,
Non ez den arras paganoa, behar baita konbertitu.
3
Misione horren izendatzeaz egiten ote da sumarik ?
Mundu guziak badakigu ongi dela hautaturik,
Bat Baionatik, bertzia Lapurdin, biga Baxenabarretik,
Apostoluien imitatzeko non ote dute parerik?
4
Zuk beraz Monsieur Lahirigoyen Baiona duzu kitatu,
Zure anaiak Lapurtarrak nahi'tutzu gonbertitu,
Sasoin gogorrik, ez adinik ez duzu kontsideratu,
Erreligioneaz kestione baitzen, oro ditutzu bentzutu.
Segida 5
Huna non dugun Monsieur Belloc, hala etsenplu ederra !
Jaungoikoak kontserba detzola memorioa eta sukarra,
Ahazparnen baginuen holako baten beharra,
Gisa guziez iduri du Apostolu zaharra.
6
Monsieur Jauretche jartzen denian predikuko kadiran
Gauzak nola xehatzen'tuen mihiz ez daiteke erran,
Haren presentzia ederra jakintasun harekilan,
Hainitz da miragarria eginbide guzietan.
7
Monsieur Malgor, nola behar naiz oraintxet zuri mintzatu ?
Aldi bat soilki aditu eta, orduian nauzu harritu,
Nahiz modestiaz daukuzun gazte zirela markatu,
Ez dugu zure prezioa gutiago estimatu.
8
Gure artzainari behar daizkogu orok eskerrak bihurtu,
Dudarik gabe autoritatia ere parteliar sartu,
Misione hunek Ahazpandarrak balin bagaitu garbitu,
Nondik jin zaikun iturria ez dugu behar dudatu.
9
Adios beraz, Jaun Misionestak, ez otoi har ofentsaturik,
Ene ganik ez duzuie izanen mez saririk,
Bakotxak bere present gisak egin dezala herritik
Eta nik, moltsa hunki gabe, guzier koblak urririk!
​
​
Belokeko Fraile etxearen eraikitzailea
Hazparneko hiru Misionest eta 2 Laiko izan ziren Beloke fraidetxearen sortzaileak. Eraikitzaile hauetan sustatzaile lehena izan zen: Jean-Léon Bastres apeza (1832-1904) . Seminario haundian izanez geroztik, fraide bizitzari buruz zaukan gogoa. Bainan zoin fraide bizitza ? Laster ikusten du Jesuiten bidea ez duela berea. San Frantsesena ere ez. Ezpeletan bikario delarik, irakurtzen du Aita Muard-en bizitza. Hunek sortua du" La Pierre-qui-Vire" fraidetxea, Morvan eskualdean.
Seminario ttipian erakasle izendatua da. Han ikasten du elgarrekilako bizitza. Fraidegoaren gutizia beti bere baitan daukalarik. Handik laster, apezpikuak ,diosesako misionest izendatu zuen. Bere ustez, bilatzen duena aurkitu du : 1870-1871-ko gerla denboran soldadoen apezgoa egiten ari zela, "La Pierre-qui-Vire"-tik pasatu zen. Hazparnerat itzuli orduko, ikusi duen bezalako fraidetxe baten egitea du gogoan. "La Pierre-qui-Vire"-rat doa hiru urtez, han, fraidegoaren ikastera, bere lehen lagunekin. 1875-eko Irailaren 1-ean berriki erosia duten Bel-locq deitu etxalde ttipi batean sartzen dira. Belokeko fraidetxea hola sortu zen