top of page

Jamattit Larralde

  • MUTHIL ZAHARRA

  • ALFERRETAN HAIZ SORTZEN

  • HERRIKO BESTA

  • XORIÑOA KAIOLAN

  • ERIA EZAGUTZAZ BETHEA ERREXINOLETARENTZAT

  • LO! LO! NERE MAITEA

  • HAURRA, ZER HARI ZARE

  • Lana

  • Ene sehia gerexaniño

  • ESKUALDUNA

 

 

MUTHIL ZAHARRA

Bakharrik bizitzeaz unhatua franko,
Xede zerbait banuen lagun bat hartzeko,
Bainan orai andreak zenbat ez du behar!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

Herrunka guzietan estatua gaindi,
Egun oroz baitugu mila moda berri.
Hoinbertze gasturekin, nola menaian sar?
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

Grizetek utzi dute mokanes pullita,
Ustez hobeki dohan lore-dun boneta;
Zer! boneta buruan neskatxa bat nik har!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

Sederian sarthuak, printzesak iduri,
Fu! egiten diote soin telapintari:
Horrela uste dute zenbait xoro lokhar;
Ni ez banaiz logale, nago muthil-zahar.

Handiek badakite musikan kantatzen,
Bainan badakitea botoin baten lotzen?
Dendari jornaletan zenbat urre, zilhar!
Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

Mirail baten aldean, goizetik, josiak,
Han dituzte miratzen aurkhintza guziak;
Egun gauza bat eskas, bertze zerbait bihar,
Nor ez da lotsatuko? Gauden muthil-zahar.

Zenbat senhar munduan, gaizki,gerthatuaki
Lephoraino sasian direnak sarthuak!
Orai egiten dute berantegi nigar:
Hanbat gaixo berentzat; egon muthil-zahar.

Ezkontzako bideak, legun eta garbi;
Urrundik begiratuz, du belus'iduri:
Bainan da hurbiletik, dena harri, bizkar,
Nola bainaiz laususko, nago muthil-zahar.

Segur da, deithuko nau, batek galai hotza,
Behar bada bertzeak harpagon zikhoitza;
Laidoen jasaiteko senti baitut indar,
Askoz nahiago dut egon muthil-zahar.

Oi! hauxe da mendea gizon gaztendako!
Orain andreak dire, jaunen larrutzeko;
Ez othe da, diozu, xuhur zenbait bakhar?
Ez nezake zin egin, gauden muthil-zahar.

Hobeago zuretzat othe da zoria!
Zuri nago, neskatxa goregi jarria?
Utzatzu sobraniak, izanen da senhar,
Non-ez, egonen zare bortxaz neska-zahar.

Jean Baptiste Larralde

ALFERRETAN HAIZ SORTZEN

(1862)

Alferretan haiz sortzen, oi lore maitea,,
Baratze bazterretan humilki gordea;
Bafada goxoenak hau bethi salhatzen,
Hire egoitza bakhotxak aiseki khausitzen.

Orai errak zertako haizen hoin herabe;
Eder duk modestia, bainan gaindi gabe.
Berthutean orobat, bertzetan bezala,
Jakizak, ez badakik, negurri badela.

Bertze lore guziak, sorthu bezain sarri,
Arrai dantzan bizi tuk, zefir soinulari;
Hi aldiz belharpean, burua behera,
Alhargun bat iduri lurrari begira.

Bainan diok Jainkoak hauela landatu
Ez dukala lekhua heronek hautatu.
Hori baizik ez bada, hoi bada guzia,
Adi nezak zer gerthuz hagon ehortzia:

Jaunak hire hazia hola estaltzean
Ber'ustez bertze zenbait zaukaian eskuan;
Ezer dukan soin hori eztuk ilhunbeko,
Hain guti hire hatsa lurrak iresteko.

Ez dik naturalezak bere mila obretan
Nihon deusik agertzen egina alferretan;
Bada bahintz munduan gordea egoteko,
Hire dohain guziak, errak, zertarako?

Horra beraz argitan zeruko xedea,
Egun etzaik zilhegi duda egitea.
Orai behar duk jakin, entzun nezak ongi,
Hire gana zertara ni nauten igorri:

Hire lagunek haute beren gana deitzen.
Jelosia bera ere heier duk juntatzen.
Altxa beraz lurretik, ez ukha ethorkia:
Arrosaren aldean duk hire tokia.

JEAN BAPTISTE LARRALDE

HERRIKO BESTA

Herriko besta denaz geroz aurthen kantuen sujeta,
Nik ere zerbait erran nahi, dezagun denbora pasa.
Ez naiz, sobra dakit (sasoina ganda)
Gehiago gazte, bai hala da!
Bainan egun huntan zaharrik nihon kausitzen othe da?
Ez thanburin xirola-soinuz guziak airosten gira.
Goazen beraz, zahar-gazteak, goazen herriko plazara.
Atseginez hain aberats-den egun huntaz gozatzera.

Egun guziz familak dira mila gisaz barraiatzen:
Anaia, arreba, josienak, elkarren-ganik urruntzen,
Amak, nigarretan, umeak deitzen.
Haren boza nihork ez aditzen.
Bainan herriko bestarekin, guziak etxera biltzen.
Beren burhaso maite hoiek amultsuki besarkatzen.
Egun eder, egun gozoa, atseginez gainditua.
Berantegi aditu duzu gure bihotzen oihua!

Gizon gazte gorputz lerdena, huna gerriko gorria:
Eta zuk, neskatxa kriketa, laster kaxa soin xuria.
Goizetik denbora dago garbia.
Nihon hedoi-bat-ez, zer loria!
Jadanik urrun ikhusten dut plaza jendez estalia.
Loth beraz zuen makhileri: lagunak, gaiten abia.
Goazen, goazen, zahar gazteak, goazen herriko plazara.
Atseginez hain abertsa-den egun huntaz gozatzera.

Plazara heltzen garenean, zer zaiku kolpez agertzen,
Sei herrunketan gazteria, zaharrak etziren azken.
Zortzi pilotari dira jokhatzen, Begiak dituzte liluratzen.
Nahiz oraino, bere boza nihork ez duen altxatzen.
Segur naiz bakhotxak duela gogoz bederen kantatzen,
Egun eder, egun gozoa, atseginez gainditua.
Berantegi aditu duzu gure bihotzen oihua!

Aurthen Urruña lehen dugu, besta guzien nagusi,
Ikhusten dut, eta halere kasik frogarik ez aski
Zein goradanik Printze bat den jautsi,
Gurekin egungo khide jarri.
Eskaldunak ez du sekula Jaun hori behar ahantzi.
Orai, ez bakarrik bihotzez, kanta dezagun goraki:
Biba! biba gure Printzea, hanbat thalenduz bethea;
Thalenduen bardina dago xoilki zure berthutea!

Nahiz oraino mila gauza banituzken erraiteko
Printzeaz mintzatuz geroztik, guziak litezke flako:
Lurrera zerutik, ez erortzeko,
Muga da, en'ustez, ixiltzeko.
Aski beraz, bestaliarrak; orai etxera goateko,
Amarra zuen espartinak; ama gure beira dago.
Goazen beraz, goazen gibelat, bainan heldu den urthean,
Aurki gaiten, nere lagunak, aurthengo toki berean.

ean Baptiste Larralde XIX mendean

XORIÑOA KAIOLAN

Zertako ni kaiolan,
Zer eginik gaizki?
Ez othe dut bada izan
Bihotz-minik aski?
Airetan ibiltzeko
Jaunaren dohainak,
Eta ez preso egoteko
Ditut nik hegalak.

Behar bada nigarrez
Barur atzo danik,
Ene haurrak ni galdez
Daude, goseturik;
Laster hetaratzeko
Idek beraz bortak!
Maiz heien bazkatzeko
Ditut nik hegalak.

Primaderak oraindik
Senti du negua,
Eta ume bat bakharrik
Daukat lumatua;
Bertzek ez pairatzeko,
Onhets nere othoi
Hekien berotzeko
Ditut nik hegalak.

Alhargun bat naizela
Ez dautzuet erran,
Helas! hil zitzaitala
Laguna segadan!
Haren mina arintzeko,
Eta eginbideak
Bienak bethetzeko
Ditut nik hegalak.

Iragan arratsean
Egin dut nik amets,
(Eta umez dohanean
Amak zer ez sinhets!)
Ohatzetik hurbilxko
Zabiltzala etsaiak,
Ai! lanjera aintzintzeko
Ditut nik hegalak.

Baina berantegi den
Nago beldurturik,
Nihon ez dut aditzen
Auhen minik baizik;
Ez, ezta dudatzeko,
Galdu ditut haurrak!
Orai, nik deusetako
Ez ditut hegalak.

Doluz errebel, Jauna,
Hasi naiz mintzatzen;
Bai, nere azken orena
Hari da hurbiltzen;
Zerurat airatzeko,
Umentzat alferrak
Zaizkit baliatuko
Agian hegalak.

Jean Baptiste Larralde

ERIA EZAGUTZAZ BETHEA ERREXINOLETARENTZAT

(1865)

Kantarien errege!
Hire kantatzeko,
Gai denik nor daiteke
Hitzaz beraz kanpo?
Geroztik, itsumendu
Zerbait othe dut nik?
Ez, eskertiak ez du
Neurritzen indarrik.

Modestiaz bethea,
Gabaz duk kantatzen.
Unhaturik jendea
Lo denean jartzen.
Hik uste duk bakharrik
Haizel'atzarria;
Erne zagok hargatik,
Khexu den eria.

Bai, eme zagok eta
Oi! ohatze-pean!
Sasitik hire kanta
Hasten dukanean,
Ordutik ene minak
Zaizkidak ixiltzen,
Eta gau luzeenak
Labur iduritzen.

Maiteaz orhoiturik,
Hago hasperenez,
Hurbil izanagatik,
Gabaz ikhusten ez,
i! nahiz agian hiri
Lagun itzalia,
Kanta, kanta zak bethi,
Ez ahantz eria.

Batzuetan gorago
Duk altxatzen boza
Orduan urrunago
Duk senti esposa:
Oi! aphal, berdin gora,
Zoin den hunkigarri!
Maiz zohak bihotzera
Handik dena jalgi.

Zertako primaderak
Ez iraun bethiko!
Iphar goxo, loreak,
Bakharrik lekhuko!
Laster (zorigaitzean!)
Denboraren ihes,
Ganen haiz ni ohean
Utzirik nigarrez.

Adios! bizi banaiz,
Heldu den urthean
Othoi, phausatuko haiz
Ohiko tokian;
Lanjeretik han urrun,
Ta hurbil maithea,
Kantatuko duk legun,
Emadak fedea

Jean Baptiste Larralde

LO! LO! NERE MAITEA

Lo! lo! nere maitea;
Lo! ni naiz zurekin.
Lo! Lo! paregabea.
Nigarrik ez egin;
Goizegi da munduko
Gelditzen bazira.
Nigarretan urtzeko
Baduzu denbora.

Lo! nik zaitut higitzen;
Lo! lo! nonbait goza.
Ez duzu ezagutzen
Amattoren boza?
Etsai guzietarik
Zure begiratzen,
Bertze lanak utzirik
Egonen naiz hemen.

Lo! nere aingerua,
Bainan ametsetan
Dabilkazu burua,
Hirriz ezpainetan,
Norekin othe zare?
Non othe zabiltza?
Ez urrun, ama gabe
Gan, ene bihotza.

Lo! lo! zeruetarat
Airatu bazare,
Ez bihur zu lurrerat
Ardietsi gabe
Zu ongi altxatzeko
Enetzat grazia:
Guziz eni hortako
Zait ezti bizia.

Lo! lo! gauak oraindik
Nonbait du eguna;
Ez da nihon argirik
Baizik izarrena.
Izarrez mintzatzean,
Zutaz naiz orhoitzen:
Zein guti, zur' aldean,
Duten distiratzen!

Lo! lo! denbora dela
Iduri zait albak
Histen hari tuela
Elki gabazkoak;
Xoriak, arboletan,
Kantaz hasi dire;
Laster nere besotan
Gozatuko zare.

Bainan atzarri zare,
Uso bat iduri:
Huna nik zenbat lore
Zuretzat ekharri.
Ametsetan ait'amez
Zareia orhoitu?
Ai! hirri maite batez
Baietz erradazu.

Jean Baptiste Larralde (Bordaxuri)

HAURRA, ZER HARI ZARE

Haurra, zer hari zare
Sarian sarthua,
Progotxurikan gabe
Lapharrez zaurthua!
Amak ber'umendako
Nekez egin egoitza,
Atseginez hausteko
Non duzu bihotza?

Adi zazu nigarrez
Xori gaixo hori,
Umeak har beldurrez
Ama bat baduzula
Othoi urhoit zaite,

Adi zazu nigarrez
Xori gaixo hori,
Umeak har beldurrez
Oihuz dago zuri.
Ama bat baduzula
Othoi urhoit zaite,
Eta deus ez duela
Zu bezenbat maita.

Zertako nahi duzu,
Guziz alferretan
Dolu mina hedatu
Oihan guzietan?
Dolu gose bazare
Helas! naturalki
Geronek deithu gabe
Nork ez du bad'aski!

Bainan, barne gabea,
Hots zure lanari!
«Zer da bada galtzea,
Diozu, lau xori?».
Bihotzak ez badautzu
Erran: «Bai, gaizki da!».
Amari galde zazu,
Doluz hil ez bada.

Munduan deusik egin,
Gizen ez dukana,
Ez bederen desegin
Jaunak egin bana,
Egilea bakharrik
Duk gauzen nagusi;
Ez dukala dretxorik
Behar duk onhetsi.

Jaunak eman lekhua
Gauza guzieri
Ongi da hautatua,
Ez deus handik higi
Utzi beraz loreak
Beren baratzetan,
Xorien ohantzeak
Utzi sasietan.

Jean Baptiste Larralde ( Bordaxuri)

Lana

Jean Baptiste Larralde

1

Zoin nahi herronketan

Garen hemen bizi,

Gabezian herrestan

Edo burjes handi

Maitha dezagun lana,

Ezta edergailurik

Harrek gisa gizona

Aphaintzen duenik.

 

2

Egia horren frogak

Galdetzen baitutzu,

Utzirik langileak,

Alferra adi zazu:

Hunek berak aithatzen

Du gauzaren ona,

Nahiz den ikharatzen

Aiphatzean lana.

 

3

Istoriak badakhar

Zenbait printze gazte

Zirela bazkaltuko,

Noizbait, Erroma parte;

Nola aihenjusak baitu

Bakhan hitza labur,

Luze ziren mintzatu

Xuxen edo makhur.

 

4

Zituztenean hustu

Beren hitz-untziak,

Eta legez higatu

Erran-gai guziak,

Oraindik ixiltzerat

Uzkur, ezin bertzez

Jin ziren mintzatzerat

Beren emazteez.

 

5

Berea gozatzeke

Bakotxa etzen nagi,

Hedoiak heiendako

Ziren aphalegi;

Nahi baitzuten jakin

Zoin zen hoberena,

Gan ziren elkharrekin

Beren andren gana.

 

6

Guziak, bai, guziak,

Boz atsegineri,

Zauden xoro handiak

Jainkosak iduri;

Bakharrik Lukrezia,

Sehien aldean,

Heien kide jarria,

Hari zen lanean.

 

7

Beraz, Lukreziari

Omen hoberena,

Esker bere lanari

Izan zen emana.

Oxala ixtorioa

Hor balitz gelditu.

Laster etsai gaixtoa

Ez balitz jelostu!

 

8

Hain bertze mende dire

Geroztik iragan!

Hanbat gauza badire

Galduak ibaian!

Baina lanaren trazak

Deusek ez itzaltzen,

Alfer zaizkola urtheak

Gainetik pasatzen.

Ene sehia gerexaniño

Jean Baptiste Larralde

 

Airea: Santa Theresaren kantika

 

1

Neskatxa bat xuhurra

Nahiz erdi makhurra,

Egun hautan dut sehi,

Net etxea altxagarri,

Parerik ez dut uste,

Baduen hainitz gazte. (bis)

 

2

Goizetan goiz jaikia,

Aitzindurik argia,

Su handi bat du phizten,

Egur zama garbitzen,

Beraz lodi du friko?

Xokolota egiteko (bis)

 

3

Bazterrak garbitzean

Hobeki, zikhintzean,

Hedoi herrautsezko bat

Banatzen du orotarat,

Hunen erkhatz abila

Nola nahi dabilla. (bis)

 

4

Ene alase guzia

Da kasik biluzia,

Jadan ezta josteta,

Dozena bat azieta.

Hautsi dauzkit segurik,

Nola iraun dezaket nik? (bis)

 

5

Basoez mintzatzeko,

Mina dut sobra fresko,

Orai, orai, tontoki,

Bat egin du lau zathi,

Bere arnoa barnean,

Zer bi malur batean! (bis)

 

6

Nola baitut fedea

Net on dela kafea,

Kikera bat badut nik,

Ethorria Txinatik.

Atzo, oraino, supherra!

Egun non du giderra? (bis)

 

7

Fularrak idortzeko

Ahalaz ez hixteko,

Non dituen hedatzen

Ez duzula pentsatzen?

Nola sinhets ordean?

Sutegian khepean. (bis)

 

8

Uhearen egiten

Nekexko du ikhasten,

Bethi zangoz gorago,

Kasik dilindan nago,

Noiz othe naiz lurrera

Ganen buruz-behera? (bis)

 

9

Horra nere neskatxa,

Gisa guziz artexa,

Balinbada erosdunik,

Salduko diot, bai, nik,

Emanen diot merke,

Merke izan baditeke. (bis)

ESKUALDUNA

Jean Baptiste Larralde, 1858

Oi! Frantziako untzia,
Mila lanjerretan,
Trebeska zen jarria,
Itsas-hautsietan,
Lema kasik utzia,
Bai, galtzerat zoan,
Napoleon handia
Ez balitz han izan.

Jaun horrek zabalerat
Untzia pusatu,
iririskutik kanporat
Urrun egorri du,
Orai bela betean
Haizez lagundua,
Dabila popa-airean,
Ungi gidatua.

Zorigaitzean gauzak
Denborak higatzen,
Gizonik handienak
Harren trabek hartzen,
Horla beraz untzia
Ez da mendetako,
Helas! ez gidaria
Gazte arin betiko.

Nahiz berri tristea,
Ez izan beldurrik:
Huna nun den semea,
Aitaren ondotik,
Eskualdun bat denean
Leman ezarria
Bai, nahiz tirainpean,
Ungi zoak untzia.

Horrela aintzindaria,
Eskuetan dugu,
Puskatzen bada untzia
Gai onak baitugu,
Gernikako haritzak,
Haurraz oroiturik
Bere adar hoberenak
Ematen gogotik.

Untzi pare gabea,
Segi beraz bozik,
Neke duk hi galtzea,
Egunaz segurik,
Betor gau ilunena,
Bardin hiretako,
Izarrik ederrena
Hor duk argitzeko.

Otoitz egin dezagun
Denek Jainkoari,
Eman diotzan lagun
Gure printzeari,
Bere armada guziak
Dohain guziekin
Izan dezan Frantziak
Indar etsaiekin.

© Jean Baptiste Larralde

bottom of page