Jose Mendiague
FIRMA GABEKO BERTSU BATZUEN ARRAPOSTUA
Airea : Frantzian zer den gertatu…
I
Frantzian eta Espainian
Alegrantzia handian,
Kantuz bertsulariak Euskal Herrian.
Ni ere lanian
Orai naiz abian,
Gostuz egon nindaite heien aldian,
Omore onian,
Trankil bihotzian,
Bertsularien artian,
Gorde gabe konpainian,
Lagunekilan jarririk mahainian,
Posta ederragorik ez da mundian.
II
Hortik atakatzen naute,
Nor den ez dakit batere,
Bertsuiak izan ditut firmarik gabe.
Xerkatzen banaute,
Ixilik ez nauke.
Zuek ere egizue bertze hoinbertze.
Ez bada herabe,
Nor den beha gaude.
Beti prest da guarda seme,
Ez Hazparnen izanik ere,
Firmaturikan igortzen badituzte,
Arrapostu emailia izanen dute.
III
Firma ez duenak ezarri,
Ez da fida bere buruari,
Gordeka dabilanak hala da iduri.
Ez eman nehori
Ez duzunik nahi,
Bedi gida zaite zuzen den gauzari,
Mintzatuz oneski,
Errespetuz beti
Gizonari frente egin klarki.
Ez gordeka ibili
Edo ixil, nehori ez egin gaizki,
Hemen badugu guhaurk makurrik aski.
IV
Hotaz mintzo naiz orori,
Horko eta hemengoeri.
Badakit badela ainitz bertsulari,
Nahi dena ari,
Adrezatu niri,
Montevideo-n nago denen zerbitzari.
Ni gant etorri,
Gostua ekarri,
Lehenik mahaian jarri,oneski mintza deneri,
Konpainian nehor faltatu gabe nehori,
Euskalduna beha egonen da guri.
V
Sobera barna harturik,
Hemen nago lotsaturik,
Ez dakit nola jali trantze hotarik.
Badakit badela ni baino hoberik,
Nahiz Frantziatik
Edo Espainiatik,
Nahi duzuen lekutik
Errezebituko ditut nik ;
Arrapostuiak galdatzen tut nonbeitik,
Erakuslerik bada ikasten gatik.
VI
Hoka dituztenian ikusten,
Balinba zaizte gustatzen! -
Ikasi-eta has ditela kantatzen,
Hasi preparatzen,
Ordainen paratzen.
Gero ageriko da nagusi zoin den.
Nuke desiratzen
Fite abia diten
Jakitaten erakusten,
Kontra edo alde mintzatzen,
Gu ere egon gaiten zerbait aditzen.
Hobiak ditazkela ez dut dudatzen.
VII
Aditurik ainitzen famak,
Zireztela bertsulari onak,
Zuier kantaraztiaz eman daut "ganak".
Atera ontsa planak,
Ez tronpa , jaunak,
Hemen badira ezagutzen dutenak,
Hortik hunat jinak,
Ezagutza finak,
Ez gaizki har nik erranak,
Ez dira ofentsatzeko emanak,
Montevideo-n ere badira gizonak:
Nunnahi egiten du semia, amak.
J. Mendiague
EUSKALDUN GUZIAK BAT
Airea: «Ume eder bat...»
Lapurdi eta Baxenabarre, Xuberoa eta Nabarra,
Gipuzkoa eta Bizkaia, zazpigarrena Araba,
Guziek elgar atxik dezagun; neholere ahal bada,
Aiten kostumak segi ditzagun, galdu ez dezagun Ama.
Zazpiek elgar atxik dezagun, denek eskuak emanik,
Hiru Frantzian, lau Espainian, aparte izanagatik,
Lehenagoko arrengurak utz, elgar maita bihotzetik,
Euskal Herriak anaiak dira, mundurat sortuz geroztik.
Nahiz Frantzian ala Espainian, joan den denbora handian,
Gure mintzaia nahiz galerazi ari dirade lanian;
Ama utzi-eta, Amaizuna har, gerta liteke orduian;
Geldi gaitezen gure Amarekin, hoberik ez da munduian.
Horiek hola emanagatik gure kontrako legiak,
Ez dira behar utzi burutik, ttipitikan ikasiak;
Gure lenguaiaz mintza gaitezen Euskaldun kasta guziak,
Gutaz irririk ein ez dezaten Frantziak ez Espainiak.
Ikus dezaten oraino ere ez dela arras galdua,
Elgarretarik urrundugatik, hurbil dugula gogua;
Izanagatik bi erresumek Euskal Herria hartua,
Ez dugu behar utzi galtzera elgarren amodiua.
Euskal Herriak gaizki gabiltza, joan den aspaldi handian,
Batzu Kastillaz, bertziak Frantsesez ari gira solasian;
Denen ikastia gizonak on du, aise ibiltzeko munduian,
Bainan euskara atxik dezagun ahantzi gabe buruian.
Aita euskaraz mintzo da eta semeak arrapostuia:
«Soy vascongado, pero... ahantzi zait, ttipitikan ikasia!».
Ez deia hori, Amarendako, bihotz-erdiragarria?
Berak mundurat eman ondoan, semeak ez ezagutzia!
Ama euskara, bihotza triste, nigarrez urturik dago,
Ikusiz semek ez diotela kasurik eiten gehiago;
Eri da eta lagun dezagun; senda ditake oraino;
Orai sendatuz, bizi litake, medeak mende direno.
Nigarrez atzo, nigarrrez egun, nigar egiten du beti,
Bere semeak galdu tuela eta nehun ezin kausi;
Hori ez daite mundu hunetan gure aldian baizik bizi;
Zertan gabiltza, nere anaiak, gure Amaren ihesi?
Abia gaiten, Ama gaixoari erremedio eitera!
Egin ahala egun dezagun, ez dezagun utz hiltzera!
Gure gatikan bizi da era badugu horren beharra,
Hiltzen bazaiku Ama euskara, guziak galduak gira!
Gure semeak, sortu orduko, Euskaldun legean ezar!
Ez diten gure kontra atera hoiek egun edo bihar;
Lehenagokoek erakutsiak ez ditugu ahantzi behar,
Bertze mundutik, guri behatuz, egin ez dezaten nigar.
Asko gabiltza, mundu kurritzen, sortu lekuiak utzirik,
Bertze lurretan aberasteko ilusionez beterik;
Bure herriak tristerik daude, beren semeak galdurik,
Gu berriz hemen, hara eta hung, ezin kausituz deus onik.
Mendi artian sortuagatik Euskal Herriko jendia,
Norat nahi den atera dadin, denek ontsa ikusia;
Mundu guziak ezagutzen du, guk daukagun noblezia,
Gure aiten aitek, odola ixuriz, guretzat irabazia.
Zorioneko itsas-bazterra, Kantabriako zokua,
Gure Jainkoak Euskaldunentzat hori dauka hautatua,
Orai eta lehen mundu guzian beti fama handikua,
Guziek indar egin dezagun izan ez dadin galdua!
Denbora batez, gerlari hainitz han ibili izan dira,
Euskal Herriko jendia nahiz bere lurretik atera;
Egin ahalak egin zituzten bainan gaizki joan zaien afera;
Mendi artean dagon lehoina, handik kentzea neke da.
Zezar-en ordrez tropak jin ziren Kantabriarat milaka,
Kostumatuak denen ibiltzen beren aintzinean lasterka,
Gero tristerik itzuli ziren gerlari hainitz utzi-eta,
Ez zirotela apal, ikusiz, Euskaldunaren kopeta.
Euskal Herriak eman izan'tu biziki gizon handiak,
Bihotzez noble, burua gora, nehoren beldur gabiak,
Beti oihuka: «libro edo hil!», hauk dira gure legiak.
Romano jaunek ikusi'tuzte heiek egin balentriak.
Ez deia bada dolueingarri, holako arraza galtzia?
Lehen, gureak ziraden lurrak, bertzen eskutan uztia?
Bakoitza bere lurren nagusi jartzen ari da jendia,
Ez dugu behar galdu esperantza, jin daite gure aldia.
Asko presunek erranen dute, burutik joana naizela,
Ilusionez betea, kantuz ari naizelakotz hola,
Bainan ez bada ur bilakatzen Euskaldunaren odola,
Elgarri fidel egon gaitezen, jinen da gure denbora.
Gure Aitamen aitek erranak behar ditugu sinetsi:
Ez dela behar gure Herrian euskara baizik onetsi;
Euskaldun sortu, Euskaldun bizi, Euskaldun hil eta ehortzi,
Munduan hori eiten duenak, zerua du merezi.
Mendiague-ren partetik horra Euskal Herrier, goraintzi!
Montevideo-ra gaztetik jina, ez naiz itzuliko naski;
Nihaurek ere hortaz badaukat neure baitan pena aski;
Urrun naiz bainan ene bihotza zurekin bizi da beti.
Jose Mendiague
«Euskal-Erria», 1912-VIII-04; nº 1
ERRAMUN DARRAIDOU-RI HAZPARNE-RAT MONTEVIDEO-TIK
Airea: «Bidarraitarra nuzu... »
.
Mila-bederatzi-ehun-hirugarrenian,
Abenduaren hogoi-eta-zortzian,
Hemen nago letra bat hartua eskuian,
Bertsu eder batzuek baditu bamian,
Hoien ikustian,
Hartu dut buruian,
Nere zaharrian,
Arrapostu egitia ixtant berian.
Bertsuak izan ditut Lapurdi aldetik,
Mutiko gazte batek ongi emanik;
Ideia onak dauzka, hartuak gaztetik;
Ez du nahi, Euskara gal dadin mundutik,
Nahi du ni ganik
Laguntza, hemendik,
Ameriketatik,
Ein ahala einen diot, nere partetik.
Hazparne-ko Raymondo Darraidou gaztia,
Estimatzen dut zure borondatia;
Zure partetik orai badut ohoria;
Ez dakit zertan dudan merezimenduia;
Ontsa mintzatzia
Daukazu ikasia,
Zer gauza handia!
Trankil pasa dezazun zure bizia.
Gazterik hasi zira kantatzen ederki,
Zure ideia onak erranez klarki,
Errespetu ekarriz gizon zaharrari;
Etsenplu emaiten duzu gazte laguneri;
Hola har zaite beti,
Mintzatuz oneski
Beha daudeneri;
Ez dakienak, zerbait dezan ikasi.
Ni ere, lehenago, gazte naiz izana;
Zahartu naizeneko jin da ene fama;
Deus ez laite, banauka nik jakintasuna.
Ez da hainitz agrados holako izena;
Jiteko zu gana,
Banauka fortuna,
Hau da ene pena,
Ez baitirot satifa, desir dudana!
Ni bezalakorikan nehun ere ez dela,
Igorri izan dautazu bertsutan hola;
Euskal Herri guzian laudatzen nautela;
Ez da bada handia nik dudan eskola;
Ez daukat odola
Gaztian bezala;
Galdu dut ahala;
Itzal ttipikoa da holako arbola.
Abisu hau ni ganik, otoi ez har gaizki,
Jaunen jaunak badira munduan beti!
Ez naizela bakarra, behar duzu onetsi,
Laudorio guziak ez ditut merezi;
Mintzo naitzu klarki;
Hainitz dut ikusi
Enetzat nagusi,
Heientzat ere zerbait behar da utzi.
Nik izana gatikan zonbait ene alde,
Kontrarioak ere frango badire;
Berak nola hari diren kasurik ein gabe;Ene hutsen guardian, errabian, daude;
Kausitzen badute,
Ez dira herabe
Erraitera fite;
Huts eiten ez duenik ez da bat ere!
Kantuz hartzeko ideia duzula goguan,
Gauza ederragorik ez da munduan;
Errespetua hola atxikiz buruan,
Ez zaizu dolutuko, zahartu onduan.
Ene adinian,
Heltzen zirenian,
Omore onian,
Kantu eginen duzu Euskal Errian.
Jose Mendiague
Montevideo-n emanak, 1903an, abendoaren 30ean
ESKUAL HERRIA, Baionan, 1904an, azaroaren 19an
EUSKALDUN BERTSULARIAK
Airea: «Pilota partida bat Irungo herrian...»
Lehengo bertsulari zaharren izenak
Ez ditu ahantzi behar Euskalduna denak:
Heiek egin dituzte beti obra onak,
Zerbait ikas dezake hetarik gizonak;
Estimagarri dira halako presunak;
Ontsa mereziturik badituzte famak.
Bertsulari onak ziren Katxo eta Etxahun,
Halakorikan orai ote dugu nehun?
Heiek egin dutena, guk egin dezagun:
Debrua utzi eta Jainkoa har lagun.
Bi pelegrino ziren, ohora ditzagun!
Agian Jainko Jaunak berekin'tu egun!
Amezket Saran eta Urruñatik Ttipi,
Guzier mintzo ziren errespetuz beti,
Ofentsarik ein gabe sekulan nehori;
Ez ziren fantesiaz kantu emaiten ari;
Etsenplu ona frango eman dute orori,
Ez dakigunek nahi badugu ikasi.
Aditu dituenak Fermin eta Madoz,
Heien bertsu ederrak ikasi'tu gogoz.
Ez da izan halakorik buruz eta ahoz:
Ez ziren aise ixiltzen, behin hasiz geroz,
Guzier mintzo ziren beti amodioz,
Hartakotz izan dira maitatuak oroz.
Zer gizon jakintsuna zen Iparragirre!
Hura bezalakorik ez da izan bat ere;
Hark egin'tuten obrak handiak dirade;
Denak admiratuak heier beha gaude.
Beti kantatu izan du Euskaldunen alde,
Gure kontrarioen beldurrikan gabe.
Jan Bautista Otxalde eta Elizanburu,
Heien obrak oraino gogoan ditugu:
Erakutsi daukate nola errespetatu,
Ez ginukela behar nehor ofentstu;
Jaun heien kontseiluak behar'tugu hartu,
Ez dakienak beti ikastea on baitu.
Putxuna, Bordaxuri, huna bi Hazpandar,
Isturitzen Karrankak eiten zuen indar.
Oi, zer bertsularia, Kanbon Lohiotxar!
Ezin bentzutu dute egundaino elgar.
Bat bertzia baino hobe, norbait izan behar.
Guzientzat nagusi izan da Xenpelar.
Bertze bertsulari hainitz izan da munduan,
Ontsa estimaturik gizonen artian,
Kantatu izan dutena, omore onian,
Jendez inguratuak, trankil bihotzian.
Guk desira dezagun, hetaz oroitzian,
Jainkoak atxik ditzan bere sahetsian.
Jose Mendiague
«Euskal-Erria», 1912-X-06
DENAK BAT
Airea: «Ume eder bat ikusi nuen...»
Edo: «Amodio berria, gaztien xoragarria...»
Egun konplitzen ditu bortz urte Vasconia zela agertu,
Buenos Aires-en behar zuela Euskal Herri bat formatu.
Geroztik hunat gure onetan indar handiak ein'tuzu,
Euskal Herriek nahi zaitugu bihotzez felizitatu.
Zure izena hedatua da orai bazter guzietan,
Partikulazki gu sortu giren probintzia ederretan;
Guziez ontsa hartua zira heltzen ziren lekuetan,
Admiratuak zure laudatzen ari dirade denetan.
Bi edo hiru mila lekoan hunat girenak etorri,
Sortu lekuak utzi ditugu, ihesi eginez Amari;
Harek gaixoak erakutsi du maite duela semeari,
Galdu ez gaiten gure gidari «Vasconia» du ezarri.
Beha zazue, nere anaiak, hau da gure gidaria,
Argentinako Euskaldunentzat ezarri zuten argia,
Ikus dezagun gure lurretan ateratzen den fruitua,
Hunek guzier erakusten du zer den gure sorlekua.
Hango arbola zaharretarik hartu zuten landaria;
Buenos Aires-en landatu zuten arbola lore garbia,
Beti zabaltzen ari da eta einen du itzal handia,
Haren azpian liberti dadin Euskaldun kasta guzia.
Nahiz gaituzten denbora batez urrundurikan ezarri,
Egin ahala egin dezagun hurbil gaitezen elgarri.
Libertatea hemen badugu, galdegin gabe nehori,
Elgarri esku eman dezagun, gostarik ere zernahi.
Gure artean makurrik bada, guziek elgarri barka,
Unionia bezalakorik munduan deusik ez baita.
Hurbil baginte, eskuak eman, elgar guziek besarka!
Jaun Zerukoak lagunt gintzazke, ez gaiten berriz aparta.
Guziez ontsa hartuak gira, heltzen giraden lekuan,
Gure arraza baino hoberik, diote, ez dela munduan;
Gure Jainkoak ezar gaitzala bandera baten azpian!
Gure desira hori da eta konplituko da agian!
Jose Mendiague
KOBLARI BATI BURUZ
Airea: «Bidarritarra nuzu, bai nahi ere...»
Buenos Aires-etara, ene herritar bati,
Igorri behar dazkot sei bertsu berri,
Kaseta «Eskual Herria»-n inprentan ezarri.
Harat adrezatzeko igorri daut niri;
Nahi banaiz ari
Bertsutan elgarri,
Prest dagola beti,
Arrapostu emaitera prepara bedi!
Hortik kaseta batzu izan'tut eskura,
Irakurtu baititut neure gostura;
Bertsulari batzuer egon naiz begira;
Gu ere heiekilan abiatzen gira;
Ez naiz hainitz fida,
Ontsa ari dira;
Ene idurira,
«Mendi-Hurbil, guzien buruzagi da.
Orai hasiko dira kantuz, bi Hazpandar,
Ez ginuke huntarik makurrik behar;
Elgarren laguntzeko ein dezagun indar!
Gauzak ontsa pentsatuz paperian ezar!
Ez gaiten gaizki ar,
Errespetu ekar!
Egun edo bihar,
Besarkatuko dugu, bihotzez, elgar.
Ene jakitatiak ez du hainitz balio;
Inorantak enekin guti ikas diro.
Ez dut esperantzarik, saltzeko kario;
Erostunikan balitz, merke eman niro.
Banintz gaztiago,
Zu ganat jiteko,
Zerbait ikasteko,
Segur naiz on zirela erakusteko.
Euskaraz kantatzeko baduzu gogua;
Jainkoak argi beza zure burua!
Ez duzu gaizki egin, zuk, pentsamendua;
Euskara ez dadin betikotz galdua.
Gure sorlekua,
Denez maitatua,
Zutaz lagundua,
Oraiko gaztientzat zer etsenplua!
Hartu duzun ideia ez utzi burutik,
Laudatuko zaituzte Euskal Herritik.
Gure Herri maiteak egon diten xutik,
Ein ahala egizu Buenos Aires-etik,
Ni Montevideo-tik,
Bihotz bihotzetik,
Ez izan beldurrik,
Nik lagunduko zaitut, ene partetik.
Jose Mendiague
JEAN B. OTXALDE-RI
Airea: «Xuberoan baduzu mutil ederrik...»
Otxalde-ri hasten naiz bi bertsu kantatzen;
Esperantzan nauela zerutik aditzen.
Nahiz gure aldetik apartatua den,
Obra ederra frango utzi dauku hemen,
Haren izena aise ahantz ez dadien!
Ez dut hemen ezartzen jaun haren bizia;
Badakigu izan dela denez maitatuia,
Alde guzietarik beti galdatuia,
Euskaldunen artian gizon famatuia,
Ttipi eta handiez errespetatuia.
Euskal Herrien alde egin du indarra,
Ikusiz bazutela zerbaiten beharra;
Omore onarekin sortu zen mundura,
Beti ibili izan da batetik bertzera,
Gazte eta zaharren alegeratzera.
Bertsulari ederra Otxalde edo Borda,
Hoberik izan denetz bada mila duda:
Munduan pasaturik hainitz negu eta uda,
Adinaren konforme mundutikan joan da;
Sortzian ekarri zorra hola pagatzen da.
Testamentu handi bat ein du munduari;
Kontseilu onak eman'tu aditzalieri,
Lurrarentzat gorputza, arima Jainkoari,
Poesia ederrak Euskal Herriari,
Nahi duenak zerbait hetarik ikasi.
Huntan mintzo naitzuie bertsularieri,
Hura izan dugula guzien nagusi,
Ezagutu duenak, hori du sinetsi.
Orai bere kargua nori duen utzi,
Xerkatu behar dugu, ditakenetz kausi.
Sekulan gal ez dadin Euskaldunen fama,
Segitu behar dugu harek hasi lana.
Errespeta dezagun jaun haren izena,
Hoi da gure ganik merezi duena,
Estimagarri baita halako gizona.
Hau da nik Otxalde-ri eman dudan meza;
Bakotxak bere partez hoinbertze egin beza!
Inkomodatu gabe elizan apeza,
Zoin gure etxetarik eginez otoitza.
Jainkoak bertsulariak zeruan har bitza!
Jose Mendiague
EZKONDUA ETA DONADOA
Airea: «Xuberoan baduzu mutil ederrik...»
— Adi-zak ezkongaia, bi solas gu ganik,
Kontseilu on hau har-zak, ezkonduetarik:
Gizonak, izaitekotz nehon deskantsurik,
Gazterik, familia formatu behar dik,
Zahartu-eta ez dadin egon doluturik.
— Zuen kontseilu onari, hemen nago irriz,
Donado gelditurik, arras kontent bainiz,
Ikusiz, penatuak zireztela hainitz,
Miseria gorrian, haurrak ezin haziz.
Jainkoari eskerrak, hortarik libro niz.
— Ez dut bada hobea donadoen planta:
Urgulutan sarturik, ez hadila banta;
Hik ere izanen duk noizbait zerbait falta,
Ez zakala sobera biktoria kanta,
Donadoen zahartzia arras tristia baita.
— Tristia dela, diozu, gure zahartzia;
Zuk ere ez dukezu mila alegrantzia;
Guziek badakigu zer den ezkontzia:
Gazte danik, gizona esklabo jartzia,
Gure gostuko, hori ez da zuhurtzia.
— Gure esklabitatiaz tronpaturik hago:
Guk manatzen ditiuk familian oro,
Andre eta haurretarik badiuk «cariño»,
Eta gelditzen denak, beldurrez, donado,
Harek bizi behar dik guzien esklabo.
— Guk ere ikusten'tugu, jaunak, zuen faltak,
Ez gaitu ilusitzen ezkonduen plantak:
Haurrekin lana frango amak eta aitak;
Batek xapela falta, bertzeak zapetak;
Zenbait aldiz izertu behar du kopetak!
— Kuraie ona daukak, donado gaizua,
Haurrak ez nahiz hazi, hola gelditua,
Orai hiretako duk etxeko zokua,
Eskarnio frango eta maiz esker gaiztua;
Mando tzar bat bezala beti tratatua!
— Jauna ez zazula egin sobera espantu,
Nehorentzat zahartziak gauza onik ez baitu,
Ezkontzen denak ere ondorioak baitu,
Heldu diren bezala behar ditu hartu;
Jainkoak daki ere ez ziren tronpatu.
— Gure penek baitie ondotik plazerak,
Egun ditugun lanak ez dituk alferrak;
Zahartzia pasatzeko baditiuk haurrak;
Lagunduko ahal'tie beren aita-amak,
Ikusiz heien hazten izan'tugun lanak!
— Uste nuke sobera zirela fidatzen
Hainitz ikusi dugu muduan tronpatzen:
Belek ere dituzte beren umiak hazten,
Gero, umek, amari begiak jalgitzen;
Hainitz ezkonduer hoi zaie gertatzen.
— Hori egin badeza semiak aitari,
Zer ein dezake ilobak bere osabari,
Haurren hazteko lotsaz gelditu denari?
Ttipi eta handiek eiten die irri,
Denen esku-makiltzat behar duk ibili.
— Zuk ere izanen duzu zerbait arrengura,
Ez zirade biziko nahi duzun gostura:
Zure haurren haurren zain egon behar zira,
Nahi ez duzun presentak izanez eskura;
Guziendako zerbait sortzen da mundura.
— Sinesten ahal dituk ene kontseiluak,
Deusik ez dik balio «kobarde» izaitiak,
Gizonen einbidiari ihesegitiak:
Hiri ez emana gatik Jainkoak haur ttipiak,
Debruak emanen daizk iloba handiak!
— Ixildu behar dugu, aintzina joan gabe,
Gelditurik zein gure arrazoinen jabe,
Beti danik izan dut libertatia maite;
Ehun mila kontseilu zuk emanik ere,
Sekula ez naiz izanen ezkontzaren alde.
— Kantu hauien emailia izan da donado.
Ontsa probetxaturik ezkondu zen gero.
Aise emaiten ditu berri hauiek oro.
Dakienikan bada zerbait gehiago,
Oraino paperian bada leku frango.
Jose Mendiague
Euskal Erria, 15-IX-1912 / 11-V-1913
ESKUALDUN-FRANTSES BILKURA
Airea: Otxalde eta Etxahun
Felizitatzen zaitut gure Presidenta,
Zu zira egun hemen guzientzat aita;
Pesta ederragorik hau baino ez baita,
Permisionia emadazu dezakedan kanta.
Gauza ederragorik ez ditake izan,
Gizonari ezartzeko begiaren bistan,
Zer alegrantzia den gure bihotzetan.
Elgarri beha gaude, denak lorietan,
Eskuen emaiteko, egun handi huntan.
Hunat bilduak gira, gazte eta zahar,
Leku hobiagoan ez ginintazken jar.
Gostuz libertitzeko ein dezagun indar,
Errespetua beti elgarrentzat ekar,
Salutatu dezagun bihotzetik elgar!
Libertizionia eder da, alde guzietan,
Eta partikulazki, hola, bilkuretan:
Kanta dezagun beraz, hunen ohoretan,
Eta denek desira, gure bihotzetan,
Partia har dezaten denek, gurekilan!
Sozietatia da denen gidaria,
Ttipi eta handier etsenplu emailia.
Ez da libertitzeko soilki ezarria,
Ikusi nahi duenak munduko bidia,
Hunek emaiten dauku guzier argia.
Zer «bentaja»-k dituen, nahi naiz mintzatu,
Ene lagun maiteak, egizue kasu!
Munduko abantailak hunek eman ditu,
Eta inorant hainitz izan du argitu;
Elgar nola lagundu erakutsi dauku.
Elgartasuna zer den dener erakutsi;
Nehor ibil ez dadin huntarik ihesi;
Ez dakienak, hola behar du ikasi.
Ikasi-eta, ondoan, bihotzean onetsi
Huntan ikasten dela bizitzeen oneski.
Bizi gaitezen beraz, oro anaia gisa,
Elgar maita dezagun, bihotzetik, ontsa!
Elgarrendako atxik eskuan bihotza!
Hau da gure Jainkoak eman zuen hitza:
«Batek bertziari beti eizue laguntza!».
Horra nola pasatu munduko bizia,
Pobre eta aberats, ttipi eta handia,
Errespetu berian bat ala bertzia.
Maita dezagun denen anaia izaitia,
Hori da egiazko «egalitatia».
Hau da alegrantzia, dugun bihotzian,
Iduri du girela, zoin gure herrian,
Mahainian jarriak, gure familian,
Xuti gaitezen denak, basoak eskuian,
«Biba elgartasuna!», oihu einez gostuan.
Jose Mendiague
BIBA GURE ARBASOAK!
Airea: "Lurraren pean sar nindaiteke... ".
Mundu huntako jakintsun hainitz ari dirade lanian,
Noiz eta nola agertua den gure arraza munduan,
Non lokartu zen lehenbiziko semea amaren altzoan.
Guretzat bardin balio duke, Europan edo Azian,
Ez gira hortaz abiatuko nehorekilan auzian.
Batzuek Latin, bertzek Griego, nehork ez dakike nondik,
Bainan gu beti hemen gabiltza, gure amaren ondotik.
Ez badakite gure mintzaia ateraia den zointarik,
Ez du balio xerka ibiltzia, ez erakustia hortarik
Bertze lenguaiak jalgi direla dudarik gabe gutarik.
Nongoak giren gu, nahiz jakin, okupatzen da mundua,
Gu ganik fite izanen dute dakigun arrapostua:
Ama euskara dagon lekua, hura da gure lekua;
Han izan dugu guziendako lehenbiziko ohakua,
Gure partetik ez dadin izan sekulan abandonatua.
Zahar edo gazte izan dadin gure arraza noblea,
Atxik dezogun bihotzetikan beti fidelitatea!
Hori da Euskal Herrietako lehenbiziko legea,
Elgarren penez eta plazerez guziek hartuz partea,
Berriz gu ganat agertuko da gure arbola maitea.
Denbora batez etsaia frango ibili zaiku ondotik,
Alde orotan nagusituak zauden, urguluz beterik,
Uste baitzuten mundu hunetan ez zela hetaz bertzerik,
Nahi gintuzten efasatuak denak ezarri, mundutik;
Euskal Herriko lehoina ez da errexki kentzen mundutik.
Romano jaunak heldu zirenian gure mendien gainera
Gaizoek fite ikusi zuten gaizki zutela afera,
Ohartu gabe sartu izan ziren gure lehoinen artera,
Handik hartu-eta bota zituzten menditik buruz behera,
Segur ez ziren denak itzuli Zezarri parte emaitera.
Horra nolakoak izatu diren gure arbaso zaharrak,
Elgarrendako bihotza eskuan, lehoinak bezain azkarrak,
Denboraz ongi zaindu dituzte gure zelai eta patarrak
Libertatea guretzat nahiz egin zituzten indarrak,
Beren odola ixuri zuten, milaren kontra bakarrak.
Sekulan ez da nehoren xerka ibili gure arraza,
Halarik ere kontrarioak gure inguruan dabiltza,
Bi aldetarik biga baitugu, Espainola eta Frantsesa,
Egin ahalak eiten dituzte, ez gaiten euskaraz mintza,
Amaizuna nahi daukute eman, Amari kenduz bizitza.
Ez dira kontent botaturikan gure arbola maitea,
Haren ondotik nahi lukete ama euskara galtzea,
Ez dezatela gerlarik xerka, guk nahi dugu bakea,
Makurrak beti ekartzen baitu guziendako kaltea,
Hoinbertze semen artetik ez da aise amaren kentzea.
Ama gaixoa bere semeer beti ari da oihuka,
Gure hizkuntza ez dadin galdu etsaiekilan borroka.
Nere anaiak ez gaitezen haren ondotik aparta,
Hark behar duen erremedioa gure eskuetan baita
Etsai guzier kontra egiteko, gure laguntza du falta.
Gu zure ganik urrundugatik ez zaitela egon triste
Amaizunik ez dugu nahi, Ama zu zaitugu maite,
Bi mila eta bortz ehun leguaz izanagatik aparte,
Amerikako zure semeek beti gogoan zaituzte,
Gorputzez urrun izanagatik, bihotzez hurbil gaitezke.
Nere anaiak, segi gaitezen gure arbasoen bidiari!
Egin dituzten obra ederrak erakuts gure haurreri,
Ez dezaten ein ofentsarikan mundu hunetan nehori,
Amodioa hartuz geroztik Ama euskara maiteari,
Orduan semeak ekarriko du errespetua Aitari.
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1912-IX-22
GIZON ZAHAR BATEN ARRENGURAK
Airea: Azken judizioa
Nere herritik izan dituddan paper batzuek diote,
Mundu huntan nik baditudala hiru-hogoi-ta-zazpi urte;
Denbora batez, adin huntara heltzerik ez nuen uste,
Pazientzia hartu behar dut: Beti ez gaitezke gazte.
Gazte denbora pasatu izan dut, bertze hainitzek bezala,
Ilusionez dena betia, ustez bertzerik ez zela,
Zango besoak zalu eta azkar, bero bainuen odola;
Orai ardura etxian nago, jarririk, humil-humila.
Besoak ere gogortu zaizkit; zangoz ardura herrestan;
Denbora batez aise eiten nuen kantu ta dantza plazetan;
Oraino ere egin nezake, banu indarrik zainetan;
Geldi eta ixil egon behar naiz, zaharturikan, penetan.
Soinua non zen adituz geroz, loriatua, dauzika,
Harat joaiteko beti prest nintzen, laneko tresnak utzi-ta;
Dauziak oro utzirik, orai, ardura bidian mainguka;
Alde orotarik mila arrengura, hau dut oraiko musika.
Halarik ere iduritzen zaut gazte ta azkar naizela,
Ni zer gizona! Ahala banu ideia dudan bezala!
Bainan nihaurek ezagutzen dut odola hoztu zautala:
Erroak behin eihartuz geroz, lurrerat doa arbola.
Mundua zer den ezagutzeko, urratsa frango eginik,
Penitentzia nerekin daukat, bekatuaren ondotik,
Orduko nere erokeriak ez zaizkit joaiten burutik,
Jainkoak, zertako ideiak daizt utzi indarrak kenduz geroztik?
Ez nuke nahi, bainan behar naiz oraikoan bortxaz zentzatu:
Lehenagoko ene furiak adinak daizkit garaitu;
Sortzian egin zorra badakit behar dudala pagatu;
Halarik ere, bizi naizeno, beti eginen dut kantu.
Fite mundutik joanen naizela, gaztek naute abisatzen:
Uste ote dute nihaurek hori ez dudala ezagutzen?
Arrapostua eman nezake, berek kasu ein dezaten;
Ni baino hainitz gaztiagoak ikusi ditut partitzen.
Hau da lege bat, gure Jainkoak guziendako egina,
Mundu huntara sortuz geroztik konpli dezagun emana;
Huntarik ez da nehor salbatzen, izana gatik fortuna,
Lurrian utzi behar baitugu lurrian izan duguna.
Lurra dugula denek nagusi sinets dezagun ordu da:
Lurrak emaiten 'tuen fruituak, lurrian gelditzen dira;
Lurra da gure azken egoitza, lurretik bizi baikira,
Goiz edo berant, nahi ala ez, lurrian sartuko gira.
Batek bertziari emaiten badu zahar hunen hil berria,
Bazterretikan adituko du zuzen den arrapostuia:
"Guk egin behar dugun bezala, egin dik bere aldia,
Munduaz ontsa probetxatu duk, ez zuian orai sortuia!".
Ni hil ondoan, neretzat ez da nehun mezarik emanen,
Hortaz segur naiz, pagatzalerik nehun ez baita izanen,
Adiskideri hau galdatzen dut, ez baita hainitz gostatzen:
Bihotzez, denek kanta zazue: "Requiescat in pace, Amen!".
Jose Mendiague
ESKUALDUNA, 1912an otsailaren 9an
MONTEVIDEO-KO «EUSKAL ERRIA»-REN KOMISIONEARI
Airea: "Biba gizonaren sortzea!..."
Berri tristeak izan ditugu Kantabriako aldetik,
Etsai gaixtoak heltzen zaizkula erdal herriko partetik;
Ama euskara nahi lukete kendu guzien bixtatik;
Ez ahal dugu galtzera utziko, hoinbertze semen artetik!
Ez dute orai lehenbiziko aldia hasten direla,
Zangoen azpian nahiz ezarri gure mintzaia ederra,
Gure artean nahi lukete nagusi ezarri erdara,
Ez dute eginen, gure odola ur bilakatzen ez bada.
Lehenago ere egin daukute gure kaltetan zernahi,
Gure artean nahi lukete nagusi ezarri erdara,
Libertateko arbola ere injustizian aurdiki,
Orai dabiltza gure Amari bizia nahiz idoki.
Sortuz geroztik hola dabiltza, gure kontra errabian,
Ikusiz gure arraza nola maitatua den munduan.
Ez gaituzteia noizbait utziko, bizi gaitezen bakean,
Ala neurritu nahiz dabiltza lehen bezala mendian?
Ez gintezke prest, holakorikan gure artean gerta baledi
Amodiorik aski ez dugu anaia batek bertziari,
Laster joaiteko laguntza eitera, lanjer handian denari:
Denak batera bildu beharrak, ihes gabiltza elgarri.
Zertan gabiltza, ene anaiak, hola elgarri ihesi;
Odol beretik sortu girela, mundu guziak badaki;
Hori ukatu nahi duenak, zer eiten duen ez daki;
Ongi egin liro, ama eta anaiak maita balitza hobeki.
Amak, semeak maitatzen gaitu, batzu bertzeak bezala,
Beti bihotzak erraiten dio, mugarik nehun ez dela;
Hau da egia, Bidasoa-ko bi aldetarik gaudela,
Bainan euskara bat baizik ez da; ez erran biga direla!
Mintzaia eder eta garbia, hau da gure "herentzia",
Zaharragoek, ongi gostarik, guziendako utzia;
Ez dezagula honen gainetik elgarri eman auzia,
Kontrariorik aski badugu, Espainia eta Frantzia.
Segi dezagun gure arbasoek utzi daukuten bidea,
Izanagatik elorri tzarrez etsai gaixtoek betea,
Handik makurtuz xerkatzen dugu elgarrendako kaltea;
Anaien artian bederen, otoi, izan dezagun bakea!
Oroit gaitezen, denbora batez egin zituzten indarrez,
Libertatea eta bakea guretzat utzi beharrez
Hetan etsenplu hartu dezagun, elgarri esku emanez,
Egon ez gaiten, denbora joan-ta, urrikiturik nigarrez.
Nere anaiak, egon gaitezen guziak fidel elgarri,
Gure etsaier kontra egiteko, eta laguntza amari;
Burua apal, bihotza triste, behar ginuke ibili,
Guhauren faltaz ama euskara mundutikan gal baledi.
Adi, adi giniro lotarik ere: "Seme madarikatua!
Orai hor daukak begien bixtan, egin dukan bekatua,
Kantabriako Euskal Herria, etsai gaixtoek hartua,
Ama euskara, bihotza triste, lurraren barnian sartua".
Zenbaitek indar egina gatik, euskara ez da galduko;
Ez eta ere erdaldun hoiek gure herriak hartuko;
Denak batera bilduz geroztik, behar-ordua deneko,
Gure mintzaia ken dezakenik, ez da mundura sortuko!
Gure mintzaia baino hoberik nehun bertzerik ez bada,
Gaztedanikan gure haurreri hau erakutsi behar da,
Bihotzetikan maita ditzaten, Jainkoa eta euskara,
Orduan segur heiduko gira guziak elgarretara.
Amarendako, izanezgeroz bihotz on eta amultsua,
Gure arrazak garaituko du etsai inbidiosua,
Beti guretzat izanen dira, lagun harturik Jainkoa,
Bizi gareno euskara, eta, hileta, ondoan zerua!
Jose Mendiague
Montevideo, EUSKAL-ERRIA, 1912-VIII-18
GURE ELGARTASUNEKO PRESIDENTARI
Murde Inziart orai zaitugu guziek felizitatzen,
Ikus dezazun gure desira zuretzat nolakoa den;
Berrogoi-eta-hameka urte egun dituzu konplitzen,
Hemendik harat bertze hainbertze agian dituzu eginen!
Montevideo-ko "Euskal-Erria"-n zu zaitugu gidaria,
Segur ez baita zure eskuan kargua gaizki ezarria:
Kontseilu onak emaiten'tuzu, ongi erakutsiz bidea,
Unionean bizi dadien gure arraza noblea.
Oren onean etorri zira zure anaien aldera,
Zuri segituz hurbil gaitezen guziak elgarretara;
Guganik urrun dabiltzan hoier adiarazi behar da
Guziek laster egin dezaten amaren besoetara.
Laudoriorik baizik ez duzu gure partetik merezi;
Zure ondoan ibiltzen denak zerbait dezake ikasi;
Egin ahalak egiten'tuzu guri nahiz erakutsi
Nola behar den mundu honetan eskualdun moduan bizi.
Iduri zauku zure ondoan Euskal Herrian gaudela,
Zu zira gure amarendako seme on eta fidela;
Guziek ongi ikusten dugu zure gorputzean dela,
Lehenagoko gure arbasoek zainetan zuten odola.
Euskal Herriko kostuma ederrak zuri ez zaizkizu ahantzi,
Etsenplu ona eman daukuzu, denek dezagun ikasi,
Zenbaitek aise eiten ginuen oihu kantu eta jauzi,
Holakorikan ez baiginuen Ameriketan ikusi.
Zure etxean aditu dugu tanboril eta xirula,
Zahar batzuek uste ginuen arras gaztetu ginela,
Hirur-hogoi-ta-zortzi urteko bat, beroturik odola,
Ezin egonez dantzan hasi zen, mutil gazte bat bezala.
Zu zira Kantabria-ko seme, egiazko euskalduna,
Pobre eta aberats, guziak berdin estimatzen dituzuna,
Zure ideia oner segituz joan behar dugu aintzina;
Oihu ein dezagun: "Biba Inziart, eta gure elgartasuna!".
Jose Mendiague
Montevideo, 1912-VIII-25
EUSKAL-ERRIA, 1912-IX-O1
GURE ELGARTASUNEKO PRESIDENTARI
Murde Inziart orai zaitugu guziek felizitatzen,
Ikus dezazun gure desira zuretzat nolakoa den;
Berrogoi-eta-hameka urte egun dituzu konplitzen,
Hemendik harat bertze hainbertze agian dituzu eginen!
Montevideo-ko "Euskal-Erria"-n zu zaitugu gidaria,
Segur ez baita zure eskuan kargua gaizki ezarria:
Kontseilu onak emaiten'tuzu, ongi erakutsiz bidea,
Unionean bizi dadien gure arraza noblea.
Oren onean etorri zira zure anaien aldera,
Zuri segituz hurbil gaitezen guziak elgarretara;
Guganik urrun dabiltzan hoier adiarazi behar da
Guziek laster egin dezaten amaren besoetara.
Laudoriorik baizik ez duzu gure partetik merezi;
Zure ondoan ibiltzen denak zerbait dezake ikasi;
Egin ahalak egiten'tuzu guri nahiz erakutsi
Nola behar den mundu honetan eskualdun moduan bizi.
Iduri zauku zure ondoan Euskal Herrian gaudela,
Zu zira gure amarendako seme on eta fidela;
Guziek ongi ikusten dugu zure gorputzean dela,
Lehenagoko gure arbasoek zainetan zuten odola.
Euskal Herriko kostuma ederrak zuri ez zaizkizu ahantzi,
Etsenplu ona eman daukuzu, denek dezagun ikasi,
Zenbaitek aise eiten ginuen oihu kantu eta jauzi,
Holakorikan ez baiginuen Ameriketan ikusi.
Zure etxean aditu dugu tanboril eta xirula,
Zahar batzuek uste ginuen arras gaztetu ginela,
Hirur-hogoi-ta-zortzi urteko bat, beroturik odola,
Ezin egonez dantzan hasi zen, mutil gazte bat bezala.
Zu zira Kantabria-ko seme, egiazko euskalduna,
Pobre eta aberats, guziak berdin estimatzen dituzuna,
Zure ideia oner segituz joan behar dugu aintzina;
Oihu ein dezagun: "Biba Inziart, eta gure elgartasuna!".
Jose Mendiague
Montevideo, 1912-VIII-25
EUSKAL-ERRIA, 1912-IX-O1
LABEKO PEON BATEN ARRENGURAK
Airea: "Ezpeleta ostatu batean..."
Abiatzen naiz orai kantatzen,
Suietak hala bainau manatzen,
Egon zaitezte otoi, aditzen,
Nere berriak ditut kondatzen,
Amerikarat nola jin nintzen,
Ikasiko dut hemen bizitzen.
Atera nintzen Euskal Herritik,
Ilusionez dena beterik,
Fite itzultzeko, aberasturik;
Espantu frango bazen urrundik,
Nehun ez zela leku hoberik.
Hobe nukeien fraile sarturik.
Jautsi nintzenian hemen lurrera,
Laster ein nuen labe batera,
"Apuratua", fortuna eitera,
Lan frango eta guti jatera,
Ez gizentzeko leku onera;
Orai "barro"tik ez naite atera.
Han ari gira denak lanian,
Goizik hasi-eta, arrats artian,
Leporainoko ixtil batian,
Denbora guti galduz jatian,
Edariekin beti bakian,
Ez mozkortzeko leku ederrian.
Zortzi orenetan, "mate" egosia,
Galleta mutxi baten erdia,
Hori da beti gure askaria.
Deus ez liteke, balitz garbia:
Kolorez berde, zihoz betia,
Indar eiteko, zer sokorria!
Mahainian prest da, eguerditako,
"Puchero" eder bat bazkariteko.
Nahiz ez giren enpatxatuko,
Haragi guti, hezurra frango;
Ogia ez da soberatuko.
Plat bera dugu afariteko.
Haragi hori buxeriatik,
Ona kendu-eta, hoberenetik,
Buru eta sorbal, bien artetik
Lotzen ahal da, segur gogotik,
Idi zaharraren lepo zokotik;
Badu non josta, ez badu hortzik.
Kozinertsa da Italiana:
Auzoan dauka garbitasuna;
Beti oihuka: "Per la Madona!".
Eltzian bada puxka bat ona,
Haren jateko badu zikana,
Zilipitria tzar, Napolitana!
Lapurdi aldeko da "kapataza",
Nahi duenian langile gaitza.
Manatzen ere badaki ontsa;
Mutilendako begi zorrotza,
Kozinertsari mila karesa,
Nahi duenak konpreni beza!
Aste guzian nekatu-eta,
Igandetako guretzat bada
Beti zerbait lan; euria ez bada
Eguerdi artio: "Dale desbarba!",
Buruz behera ari behar da,
Zuzena ere makurtuko da.
Ez dugu segur, arratserako
Oren bat trankil deskantsatzeko,
Hedoi ttipi bat agertu orduko,
Nagusia oihuz, "apilar"eko,
Gorputz ta arima, bien galtzeko,
Oi zer gizona, Akelarreko!
Batek dirua badu galdatzen,
Orduan ez da hainitz presatzen,
Zerbait zikana dauku pentsatzen:
Fatura guti duela saltzen;
Saldua ere nekez kobratzen;
Gezur horrekin gaitu pagatzen.
Uste ginuen, hunat artian,
Gaizki ginela Euskal Herrian,
Gure aitama gaixoen aldian.
Han bizi ginen, denak bakian,
Gure arbasoak sortu lekuan;
Bizi hoberik ez da munduan.
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1912-X-13
NI KANTUZ ZAKUAN SARTUKO NAUELA DIOEN BATI
Airea: Frantzian zer den gertatu...
Ez dakit nor den hobendun:
Letra izan dugu egun,
Hazparnerat bi bertsu igor ditzagun.
Kontrarioa, urrun,
Kexu ote dugun?
Beldur naiz gure kontra samurtu zaukun,
Galdez, badakigun
Guk, zenbait jakintsun;
Han ez zaiola ezagun,
Ongi dezakenik lagun.
Berak erran omen du, sinets dezagun,
Hura bezalakorik ez dela nehun.
Irigoin, bertsularia
Zirade, edo nahia.
Zer gizona! Bazinu jakitatia.
Zure fantesia
Ez dago ttipia,
Ustez azpian duzun mundu guzia.
Urguilu hartzia
Ez da zuhurtzia.
Otoi emazu guardia,
Ez zitela hola abia,
Desir baduzu bertzer erakustia,
Lehenik hobe duzu ontsa ikastia.
Ez zireia enoatzen,
Beti ene atakatzen?
Zerbait erran dezadan nauzu bortxatzen,
Ez naiz abiatzen
Nehoren mendratzen,
Ez bainaiz ikasia gaizki mintzatzen.
Hola bazira artzen
Zu ene xerkatzen,
Orduan duzu jakinen,
Enetzat nagusi ziren,
Idi zaharra ere baita kexatzen,
Akuluaz sobera bada sistatzen.
Mintzo zira guzieri,
Zu zirela buruzagi,
Nahiz obra handirik ez den ageri
Zu, zuhaur jujari,
Jendiak ein ez dezan sobera irri.
Kontseilu onari
Beha zaite beti!
Hau behar duzu ikasi,
Eta ahanztera ez utzi,
Gizona, izaiteko denen nagusi,
Espantu egitea ez dela aski.
Guk dugun jakitatia
Ez da biziki handia:
Guhaurek laudatzeko gure buruia
Hobe dugu uztia
Bertzeri karguia,
Ontsa juia dezaten gure auzia,
Erranez egia,
Zirenetz hobia.
Nahiz ez den balentria
Gaztek ene garaitzia;
Flakatzen hasia dut izpirituia,
Bainan oraino ez dut arras galduia.
Urguluia utz burutik!
Denek badakite engoitik,
Ez girela munduan guhaur bakarrik,
Badela bertzerik,
Gu baino hoberik,
Batere ez dutenak gure beldurrik.
Hek hasiz geroztik,
Ez egin dudarik,
Ez egoitekotz ixilik,
Ikus dezagun lehenik
Hasi behar girela berri-berritik,
Orai artian ikasi duguna-gatik.
Artzen zira espantuka,
Zu zirela denen aita.
Nolakoa ote da semeen planta?
Nola errespeta
Ikastia on baita,
Ez zazula munduan nehor laidosta!
Gaude pentsaketa
Zer duzun suieta
Beti bertzez elheketa,
Egin'tuzten lanen kontra
Ez zazula zure obra sobera banta;
On guti gelditzen da txarra kendu-eta.
Horrenbertze desafio!
Elgarrentzat eskarnio!
Hori ez dela ontsa erakuts niro,
Hoi dela medio,
Mila kontrario
Gizonak mundu huntan harrapa diro.
Bat bertzia baino
Nahiz joan gorago,
Ez burua hola bero,
Dolu ez dakizun gero.
Ontsa mintzatzia ez da nehun kario,
Guti gostatzen da eta hainitz balio.
Ene kantuz garaitzia
Eta zakurat biltzia,
Zuk diozu ez dela lan bat handia.
Aise da erraitia,
Ezinez egitia.
Ontsa konpreni zazu arrapostuia:
Zuk duzun guzia,
Hauxe da gaztia,
Buruan banitatia,
Ttipia jakitatia;
Ez bada handiago zure zakuia,
Ez nuzu aise ikusiko barnian sartuia.
Ez zaitela ofentsatu
Klarki naizela mintzatu,
Ez ginuke hortarik behar makurtu.
Elgarri errespetu
Ekartzia hobe dugu:
Oneski mintzatziak parerik ez du.
Huts einak barkatu!
Nehor ez mendratu!
Lehenik eskolak hartu!
Gero, zuk nahi baduzu,
Bertzer erakustera errient sartu
Ni ere ikastera jinen nitzaizu.
Urguluia utz burutik!
Denek badakite engoitik,
Ez girela munduan guhaur bakarrik,
Badela bertzerik,
Gu baino hoberik,
Batere ez dutenak gure beldurrik.
Hek hasiz geroztik,
Ez egin dudarik,
Ez egoitekotz ixilik,
Ikus dezagun lehenik
Hasi behar girela berri-berritik,
Orai artian ikasi duguna-gatik.
Artzen zira espantuka,
Zu zirela denen aita.
Nolakoa ote da semeen planta?
Nola errespeta
Ikastia on baita,
Ez zazula munduan nehor laidosta!
Gaude pentsaketa
Zer duzun suieta
Beti bertzez elheketa,
Egin'tuzten lanen kontra
Ez zazula zure obra sobera banta;
On guti gelditzen da txarra kendu-eta.
Horrenbertze desafio!
Elgarrentzat eskarnio!
Hori ez dela ontsa erakuts niro,
Hoi dela medio,
Mila kontrario
Gizonak mundu huntan harrapa diro.
Bat bertzia baino
Nahiz joan gorago,
Ez burua hola bero,
Dolu ez dakizun gero.
Ontsa mintzatzia ez da nehun kario,
Guti gostatzen da eta hainitz balio.
Ene kantuz garaitzia
Eta zakurat biltzia,
Zuk diozu ez dela lan bat handia.
Aise da erraitia,
Ezinez egitia.
Ontsa konpreni zazu arrapostuia:
Zuk duzun guzia,
Hauxe da gaztia,
Buruan banitatia,
Ttipia jakitatia;
Ez bada handiago zure zakuia,
Ez nuzu aise ikusiko barnian sartuia.
Ez zaitela ofentsatu
Klarki naizela mintzatu,
Ez ginuke hortarik behar makurtu.
Elgarri errespetu
Ekartzia hobe dugu:
Oneski mintzatziak parerik ez du.
Huts einak barkatu!
Nehor ez mendratu!
Lehenik eskolak hartu!
Gero, zuk nahi baduzu,
Bertzer erakustera errient sartu
Ni ere ikastera jinen nitzaizu.
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1913-V-25
MONTEVIDEO-TIK OXANDABARATZ-I
Airea: «Nornahik zernahi erranikan ere...»
Lau bertsu izan ditut Kalifornia-tik,
Kadet Oxandabaratz jaunak emanik,
«Aingeruen Herria» deitzen den lekutik,
Ez nuen esperantza nik, hoin urrundanik,
Bazela gizonik
Okupatzen zenik
Nigatik segurik,
Kontestatuko diot Montevideo-tik.
Ederki mintzo zira, zu Oxandabaratz,
Zure konplimenduez kontent niz arras;Baliatzen bazira daukazun indarraz,Hainitzek badukegu norekilan ikas.
Kanta zazu beraz
Bihotzez euskaraz,
Ez dezagun ahatz,
Nik lagunduko zaitut egin ahalaz.
Diozu ez dudala ohoriari kentzen,
Bertsutako legiak hoi du manatzen;Abiatzen bagira elgar mendratzen,
Hortarikan ez dugu gauza onik izanen.
Bai hor ala hemen,
Uste dut hobe den
Ibiltzea zuzen:
Ontsa mintzatzea ez da deusik gostatzen.
Nik eman kantuetaz jaun Sallaberry-ri,
Gustatu izan zaizula duzu iduri,
Ene ganik ez zuen bertzerik merezi:
Berak ere eman daizt bertsu ederrak niri,
Ontsa eta klarki
Emaiten'tu beti,
Mintzatuz oneski;
Errespetu ekartzen dener badaki.
Montevideo-n naizela, ez zazula duda;Hemen pasatzen ditut negu eta uda;
Hogoi-ta-hamasei urte badut jinik huna;
Denbora frango izan dut eiteko fortuna;
Beti arrengura,
Kexu naiz ardura,
Ez nago gostura;
Ez naiz aise itzuliko sortu lekura!
Galdegiten dautazu niri barkamendu;
Ez dakit zertan duzun egun bekatu:
Deusetan ez nauzu, jauna, ofensatu,
Ene gostura ontsa zirade mintzatu,
Zuk plazer baduzu,
Ni beti prest nuzu;
Gustatzen bazaizu,
Urrundanik enekin kanta dirozu.
Jose Mendiague
1899, apirilaren 26an
EUSKALDUN BATEN KONTSEILUAK
MONTEVIDEO-KO PRESIDENTARI
Airea: «Gernikako arbola...»
Mila-zortzi-lau-hogoi-hamalaugarrena
Montevideo-ko jendia oroituko dena:
President bat hautatzen izan dute lana,
Gaizki ateraturik aintzinetik plana,
Denentzat ezin izan, baten behar dena.
Hogoi-ta-bi egunez izan da partida;
Bakotxa bere alde okupatu dira;
Azkenian bat igan da beheretik gora;
Presidentzialeko kaderean hor da
Ohore handietan Idiarte Borda.
Orai jarria zira guzien gainian,
Gauzen ontsa ikusteko leku ederrian
Zenbait gaizki ibilirik zu ziren lekuian,
Lautarikan hiru gaude miserian,
Zure beharra dugu artzeko lanian.
Zure esperantzan gaude guziak begira,
Bertzek baino hobeki dezakezun gida.
Lehengo urratsetan ibiltzen bagira,
Republika huntarik joan beharko gira,
Bertzetan xerkatzera laneko segida.
Hori guziendako malur heldu baita,
Ontsa gida gaitzazu, zu zira gure aita,
Makurren xuxentzaliak egiten du falta:
Ez zazula nehori, gaizki eginik barka,
Injustuki ez dezagun nehor gaizki trata.
Zuretzat on ez dena, atxik azu urrundik,
Gorri ala zuri den ein gabe kasurik,
Izan nahi baduzu errespetaturik.
Justizia egiteko ez izan beldurrik,
Bertzela ez duzu izanen herrian bakerik.
Legiak einak dira munduan guzien;
Justiziako «vara» atxik-azu zuzen,
Pobrendako bezala berdin aberatsen,
Denek jakin dezagun gaizki eitia zer den,
Nehork erraitekorik izan ez dezaten!
Zuhaurek ekarzkitzu aldeko lagunak,
Beren herria maite duketen gizonak!
Ontsa atera zaitzu aintzinetik planak,
Bertzek baino hobeki egiteko lanak,
Zuretzat izan diten obrak eta famak!
Karga handien azpian jarria zirade,
Izan duzun kargua gora izanik ere;
Lurrian dena ezin altxa laguntzarik gabe,
Ein ahala egizu herriaren alde,
Zure obra ederren, denak beha gaude.
Zure baitan daukagu gure esperantza,
Laguntzalerik gabe ez gitazke altxa,
Beharretan girela badakizu ontsa.
Jendeak hartuz geroz zutan konfiantza,
Zuk ere ez dukezu laguntzalia falta.
Ez duzu aise eginen guzien gogora,
Jelosian daudener ez zitela fida,
Nahi dutena egiten usatuiak dira.
Ontsa erakusteko jin zaizu tenora,
Pasatzera ez utzi. orai da denbora.
Lur hau baino hoberik nehun ez da ageri,
Hunek eman dezake jatera orori;
Fruituia emaiten du, landatuz nun nahi;
Zaintzen ahal baduzu, zu zira nagusi;
Ontu gabe jatera ez utzi nehori!
Eiten ahal baduzu hoi, zer balentria,
Bertzerenaren uzten zuk erakustia!
Ez duzu aise eginen zenbaiten zaintzia;
Axeriaren pare dute malezia;
Nekez ahanzten zaie behin ikasia.
Ez zaitela fidatu, egin zazu kasu!
Makur xerkatzailiak izanen dituzu,
Heiek zure menian beti atxik zaitzu!
Tzarrak onen aldetik urrun ezarzkitzu!
Sagar usteldu batek, on hainitz galtzen du.
Hainitz ariko zaitzu, gostura xerkatzen,
Sekulan ez baitute gauza onik pentsatzen:
Xistera bat eskuan zaituzte pintatzen,
Zenbait puntan har-eta has zaite botatzen,
Zuretzat on ez dena kanporat igortzen.
Nahi gabe ezartzen zaituzte ohoretan,
Euskal Herrietako moda ederretan,
Erakus diezozute, obra guzietan,
Ez zirela bakarrik «vasco» arropetan,
Euskaldunen odola duzula zainetan!
Euskaldunen sinestia, hau da zuretako,
Makurrak dituzula ontsa arranjatuko;
Uste dugu ez girela hortan tronpatuko,
Denbora jinen denian obren ikusteko,
Oihu eginen dugu: «Emak-hor, Juazinto!».
Gizonek egin obrak ez ditazke gorda,
Guziek bistan dugu Artigas-en obra,
Konfidantzan emana, zure eskuian hor da:
Hori, behar bezala ditaken kontserba,
Entsegu bat egizu, Idiarte Borda!
Barneko eta kanpokoek elgar hartu-eta,
Nehor ibili gabe kontrario keta,
Luma eta ezpata elgarrekin junta,
Ideia on batian gauzak ontsa planta,
Holako gobernuak egiten du falta.
Kopia hau har zazu Euskaldunetarik,
Mendiague-ek emanik, San Jose herritik:
Estimatzen zaitugu, guk gure aldetik,
Ez dugu esperantza zu baino hoberik,
Kontent gira izanen zutaz gidaturik.
Jose Mendiague
HAITZA»-REN MOLDATZAILEARI
(Gazetaren urte-betetze ohoretan)
Mila-zortzi-ehun-eta-lau-hogoi-hemeretzi garrenean,
Gure artera agertu zinen, denentzat ideia onean,
Geroztik hunat, beti ari zira gure onetan lanean;
Felizitatzen zaitugu denek zure urte-betetzean.
Hau da zu ganik lehenbiziko aditu ginuen hitza:
«Nitaz behartzen denari, beti eginen diot laguntza».
Orai artean bezala hola konplituz zure promesa,
Zure obra onez oroituko da Euskaldunaren bihotza.
Gure anaiak, segi zazue bihotzez zuen obrari;
Laguntza beti hola eginez hortaz behartzen denari;
Euskal Herriak adoratzen du arbola saindu eder hori;
Alde orotan hedatua da eskerrak zuen lanari.
Arbola saindu, paregabea, zutan dugu esperantza;
Lehenago ere, Euskal Herrier ein diozute laguntza;
Galdu zintugun eta geroztik zure ondoan gabiltza,
Nahiz pasatu zure itzalean gure munduko bizitza.
Zu galduz geroz, ama Euskarak eiten dituen nigarrak;
Beti oihuka bere semier: Non zarete nere haurrak?
Ez gaiten ibil haren ihesi, aldean bizi beharrak,
Lagun gitzazu, eman ditzogun behar dituen indarrak.
Arbaso zaharrak, zuri begira, kontentik daude zerutik,
Ikusiz zure erroek indar eiten dutela lurretik,
Jartzen zarenean adarrez zabal, hosto berdez beztiturik,
Zure itzalak ez du izanen mundu guzian parerik.
Egin ahala egin zazue, «HAITZA»-ren moldatzaileak,
Beti buruan atxik ditzagun aiten kostuma nobleak,
Ama Euskarak galdu ez ditzan aldetik bere umeak,
Euskal Herriko legean ezar ditzagun gure semeak!
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1913-VII-13
GURE HAITZA
Airea: » Ume eder bat ikusi nuen Donostiako kalean...»
Haitza da gure sorlekuetan libertateko arbola,
Dener bihotza tristatzen zaiku, oroituz erori zela.
Hura lurrerat ez nahiz utzi, ixuri zuten odola,
Lurraren pean haren erroer indar emaiten ari da.
Landare azkarrak jalitzen dira erro hetarik, aspaldi;
Itzal ederrak emaiten'tuzte, landatuz geroztik ongi:
Beha zazue Amerikan den Euskal Herriko jendeari,
Libertatia hemen badugu, galdegin gabe nehori.
Arbola hori landatu dute Buenos-Aires-e hirian,
Denak bat jarriz, gure arraza bizi dadien bakian;
Egin ahala egin dezagun; ar gaiten denak lanian,
Euskal Herria izan ez dadin betikotz bertzen menian.
Hori dabila gure ondotik, ez nahiz galtzera utzi;
Maite gaitu eta maita dezagun, hoi gabe ez gaitezke bizi;
Batzu batera, bertziak bertzera, ibili gabe ihesi,
Entseia gaiten, elgar atxikiz geldi gaitezken nagusi.
Bihotzez oihu egin dezagun, lenagokoek bezala:
Adarrez zabal, hostoa berde, beti kontserba dezala!
Hori da gure iguzkia eta bai ere gure itzala.
Gure Jainkoak, horren azpian, hil onduan ehortz gitzala!
Bihotzez noble, burua gora, gauden len bezala egun,
Anaiak garen bezala, elgar beti maite izan dezagun;
Gure arraza baino hoberik ez baita munduan nehun,
Libro edo esklabo, bizi edo hil, beti izan gaiten Euskaldun!
Jose Mendiague
Euskal Erria, 16-II-1913
MONTEVIDEO-KO BERRIAK
Airea: «Nor nahik zernahi erranikan ere...»
Euskal Herrietarik izan dut galdia
Montevideon nola bizi den jendia.
Erran nahi dautzuet bihotzez egia:
Ene herritar maiteak, eizue guardia!
Hemengo bizia,
Horkoa iduria,
Ez da hainitz hobia;
Hor ontsa denik, hunat ez bedi abia!
Guzietan badira hor bezala penak;
Nonnahi sofritzen du, pobria denak;
Hemen badira hainitz, hortik hunat jinak
Ilusionez beterik, eitera fortunak;
Ez dira lehenak,
Tronpatu'tuenak,
Urruneko famak:
Ezin biziz, orotan badira lanak.
Hunat ondoan dabiltza karriketan kurri,
Lanik badakitenetz, galdez elgarri.
Ez dira menturatzen jende aberatsari
:Heiek ez dute egiten kasurik nehori;
Esker tzarra orori,
Merkenikan hori,
Bihotz-altxagarri,
Sofritu behar dute pobrek zernahi.
Bizi behar duenak hemen jornalian,
Ez da izanen beti abundantzian:
Suertez sartzen baditu hiru egun lanian,
Alfer, bertze hiruak, emanez etxian,
Salda txarra eltzian
Duke igandian,
Mahaian jartzian;
Hobeki bizi dira Euskal Herrian.
Orai nahi duenak egia sinetsi,
Hemengo berriak kondatzen'tut klarki;
Behar duenak hemen eskulanaz bizi,
Pasatu beharko du zenbait neke-izerdi;
Hala ere beti
Ikusia gaizki;
Pobre izaitia aski;
Jainkoa holakoaz urrikal bedi!
Denbora hobiagoetan zenbait hunat jinik,
Orai hemen gabiltza, sakela arinik.
Ez ginuen pentsatzen, orduan segurik,
Ondotik jinen zela holako urterik.
Hortaz fidaturik,
Gaude tronpaturik,
Ez dugu lanjerik
Hemendik jalitzeko aberasturik!
Hok dira Amerikano zaharren berriak:
Pasatu izan'tugu urte hobiak;
Berantegi argitu ditugu begiak,
Ez izanez oraiko esperientziak.
Orai zahartuiak,
Laneko nagiak,
Indarrak galduiak
Planta txarrian gaude eiteko Indiak.
Arribatu ginenian gu Amerikara,
Zerbaiten egiteko bazen denbora:
Zahartuko ginenetz, guti oroitu gira,
Mundutik partitzeko jin zaiku tenora;
Notaria etxera
Jiten bada aldera
Testamentu eitera,
Garbi geldituko da haren papera.
Huna zer bizi dugun Amerika aldian,
Nahasiak dabiltza oro, aspaldian,
Batek bertziarentzat beti inbidian;
Elgar ezin sofrituz daude errabian;
Bataila gorrian
Elgarren artian,
Ez dauzke bakian,
Denak pagatzen ditu pobriak munduian!
Hor dudatzen duenak hauien sinestia,
Aski du ikustera berak jitia.
Hemen ere eiten dute zenbaitek suertia,
Ez da guziendako destino tristia.
Ez da lan handia
Berak probatzia,
Jin eta ikustia.
Ez gure gatik utzi fortuna eitia!
Jose Mendiague
AMAK ETA SEMEAK ELGAR KAUSITZEA
Airea: «Suiet eder bat deklaratzen dut... ».
Semeak
Oren gaixtoan agertu nintzen, nigarrez, mundu huntara,
Sortu orduko kondenatua nere aitamez hiltzera,
Heiek baino bihotz hoberik hurbildu ez balait aldera,
Argia gabe, beharko nuen partitu, bertze mundura.
Amak
Bere ohorea ez nahiz galdu, zuri egin daitzu malura,
Bera ere geroztik, ez da munduan bizi gostura,
Urrikiturik egin gaizkiaz, ikaran dago ardura,
Munduarentzat ahalgez eta Jainkoarentzat beldur da.
Semeak
Bere ohoria salbatzia gatik, izan naiz kondenatua;
Aita enetzat krudel izan da; ama bihozgabekoa:
Ni sortu orduko, prest zaukaten, lurrez einik, ohakoa,
Sokorritako izar-ihintza, estalgitako zerua.
Amak
Ez zozula eman zure aitari, hartu ofentsez hobenik!
Bere izena zuri emaitiaz harek ez zuen dudarik,
Aitamez kontrariatua, tristerik joan zen mundutik,
Zure amaren barkamendua galdatzen dautzu zerutik.
Semeak
Ene ganik barkamendurik ez luke bada merezi:
Nitaz penarik izan duela ez du erakutsi;
Sendimendu onikan balu, ez laiteke ibil ihesi;
Munduko fartzak estimatzen tu, semea baino hobeki.
Amak
Inñorantzian egin hutsak, elgarri barka ditzagun,
Itzalik gabeko arbolarik ez baita agertzen nehun.
Bihotzetikan galdegiten dautzut, pietate har dezazun,
Menturaz, zure ama ere, ez da, zuk uste bezain hobendun.
Semeak
Andre maitia, adi-zazu! Hau da munduko legea:
Ama batek bere bularrez hazi behar du semea;
Hori egiten ez duenak, ez dauka bihotz noblea;
Tigreak ere, beti aldean, hazten du bere umea.
Amak
Otoi ez atxik, haur gaztea, herrarik zure amari!
Zuri egin daitzun ofentsaz, nigarrez urturik da ibili,
Nigarrez urturik da ibili, Madalena bat iduri,
Zure aldera hurbildu nahiz, otoitz eginez Jainkoari.
Semeak
Ene bihotza erdiratzen da, haren penak aditzean,
Ikusiz, hainitz sofrikario baduela bihotzean,
Kontsolatzeko, ikusiko dut, agian, ene aldean!
Errozu, otoi, ene partetik, bizi dadila bakean!
Amak
Seme maitea, ezartzen nauzu betikotz alegrantzian;
Plazer handiagorik ez da enetzat izan munduian;
Ni naiz zure ama, har nezazu bihotzez zure aldian,
Berriz penarik izan ez dadin, zure eta ene artian.
Semeak
Ama maitea, kontsola zaite! Ez otoi egin nigarrik!
Zure ganako amodioa, beti bihotzean dut nik;
Biak urus biziko gira, Jainkoa lagun harturik,
Plazer hunek kendu daizku gure penak bihotzetik.
Biak elgarri besarka daude, nigarrez, ama-semeak;
Penak bezala, plazerak ere, bustitzen ditu begiak;
Hotan etsenplu hartu dezake, suiet hau duen jendiak:
Munduan zuzen ibil gaitezen, utzirik makurbideak!
Jose Mendiague
ESKUAL HERRIA, 1903-VI-20
C. SARRAIL-EK JOSE MENDIAGUE-RI IGORRI DAKON LETRAREN ARRAPOSTUA
Irakurtu izan dut, Jauna, zure letra;
Hainitz plazer hartu dut, hura idek-eta;
Berehala hedatu izan diot bista;
Itsasoko berriak ez zituen falta,
Kontent niz zirelakotz arribatu entsa.
Zure letran dautazu, Casimir, galdatzen
Jaun Bautista Yrigoyen zer gizon klase den.
Arrapostuak zuzen daizkitzut emanen,
Berri onik ez baitut sekulan gordetzen,
Gizon hoberik ez da gure artian hemen.
Ezagutzen duenak maitatzen du fite;
Guziek hunendako «kariño» badute;
Gizon onestagorik nekez kausi daite;
Holako hainitz balitz, ez litake kalte;
Mundu guziarentzat abantail litake.
Jaun hau, hurbildanikan duenak tratatu,
Laudoriorik baizik ez duke kondatu;
Egia erraitia ez baita bekatu,
Hemen guzietarik badu errespetu,
Bere sendimendu onez merezitzen baitu.
Orai emaiten dautzaut jaun hunen berria:
Jakintsuna da eta ontsa mintzatuia;
Guzier ekartzen du beti errespetuia;
Jende beharrarentzat bihotz bat noblia;
Inposible da izaitia bertze bat hobia.
Nehork ez diro hunen kontra deusik erran;
Beti zuzen dabila bere aferetan;
Guziez maitatua, alde guzietan,
Ttipi, handi, aberats, bai eta pobretan,
Gizon xarmantagorik ez ditake izan.
Beti izanen ditu obrak eta famak,
Yrigoyen bezala dabilan gizonak.
Ez ditu abandonatzen sekulan lagunak,
Holakoak balire aberatsak denak,
Ez litazke hoin handi pobriaren penak.
Horrat partitzen dela, diote, hemendik;
Hola aditu izan dut, solasak emanik.
Balin bada Hazparnen arrangura denik,
Hunen berriak zuzen eman daizkitzut nik,
Ez zazula pentsatu badela gezurrik!
Jose Mendiague
KANTUZ
1
Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi,
Kantuz igortzen ditut nik penak ihesi;
Kantuz izan dudano zerbeit irabazi,
Kantuz gostura ditut guziak iretsi
Kantuz ez duta beraz hiltzea merezi ?
2
Kantuz iragan ditut gau eta egunak;
Kantuz ekharri ditut grinak eta lanak;
Kantuz biltzen nituen aldeko lagunak;
Kantuz eman dauztate, obra ga.be, famak:
Kantuz hartuko nauia zeruko Jaun onak ?
3
Kantuz eman izan tut zonbeiten berriak,
Kantuz atseginekin erranez egiak;
Kantuz egin baititut usu afruntuiak,
Kantuz aithortzen ditut ene bekatuiak,
Kantuz eginen ditut nik penitentziak.
4
Kantuz eginez geroz munduian sortzia,
Kantuz egin behar dut, ontsalatz, hiltzia;
Kantuz emaiten badaut Jainkoak grazia,
Kantuz idekiko daut San-Pierrek athia,
Kantuz egin dezadan zeruan sartzia.
5
Kantuz ehortz nezate, hiltzen naizenian,
Kantuz ene lagunek harturik airian;
Kàntuz ariko zaizkit lurrean sartzian;
Kantu frango utzlko diotet munduian,
Kantuz har diten bethi nitaz orholtzian.
Jose MENDIAGUE.
«ESKUAL-ETCHEA»-KO KOMISIONEAREN OHORETAN
Airea: «Suiet eder bat deklaratzen dut...»
edo: «Ume eder bat ikusi nuen... ».
Bi bertsu berri paratzen ditut Buenos-Aires-e hirian,
Bihotzez noble, ideia oneko gizon batzuen gainian,
Euskal Herriak, denak batera eman nahiz, dira abian,
Emeki-emeki, elgarretara helduko gira, agian!
Gure Jainkoak ezarri dauku, Euskaldunentzat, argia,
Ikus dezagun, elgarren ganat hartu behar den bidia.
Hari segituz, ez da dudarik, segura dugu heltzia,
Elgar lagunduz, pasa dezagun gure munduko bizia.
«Euskal-etxea» egin beharrez egina dute bilkura,
Ideia ona etorri zaie, guziendako, burura;
Pobre gaixoen sokorritzeko orai jinen da denbora,
Hartua duten pentsamendua denetan hedatzen bada.
Bizi hobea pasatuko du «Euskal Etxean» pobreak,
Ibili gabe kalean kurri, pena dolorez beteak,
Neguan hotzez ikaran, eta udan iguzkiz erreak;
Segi zazue, zuen obrari, Euskaldun Bihotz nobleak!
Pobre gaixoa, hor zabiltzana, batetik bertzera kurri,
Bihotza triste, botz ezti batez galdatuz zerbait sokorri,
Zure otoitzetan gomenda zaitzu, gure anaiak, Jainkoari,
Lagundu ditzan, fite egiten, obra saindu eder hori.
Hola zuzentzen dira munduko gizonen diferentziak,
Duenak, beti heda ditzala ez duenari, eskuiak!
Pobre eta aberats, ttipi eta handi, anaiak gira guziak,
Elgar lagunduz, konpli ditzagun Jainko Jaunaren legiak.
Abia gaiten elgarrekilan, denak eskuak emanik,
Egin ahala egin dezagun, bakoitzak bere partetik!
Ez diro nehork sekulan egin, munduan,
gauza hoberik,
Segi gaitezen, ene anaiak, itzuli gabe bidetik.
Gure semier, sortu orduko, erakuts gure legiak!
Ttipitan aise doblatzen dira, arbola gazte, tendriak.
Ikusiz geroz Euskal Herriko kostuma eder, nobliak,
Guziek, oihu eginen dute: «Gare Euskaldun semiak!».
Kantabria-ko seme maiteak, har gaiten denak lanean,
Gure arbola zabaldu dadin, hartuz gu, bere itzalean;
Unionea baino hoberik, deutsik ez dago munduan,
Bihotzez elgar maita dezagun, bizi gaitezen bakean!
Jose Mendiague
EUSKAL-HERRIA, 1912-IX-22
JOSE MENDIAGUE-K PEDRO M. OTAÑO-RI
Airea: «Ume eder bat...»
Felizitatzen zaitugu denek bihotzetikan Otaño,
Zure parerik ez da agertu Ameriketan oraino:
Fama handiak dituzu bainan obrak hainitz handiago,
Zure izena ez da galduko, mendeak mende direno.
Zure burutik ateratu da pentsamendu bat ederra,
Buenos Aires-en ikus dezagun euskaraz egin opera,
Zaharrer hola etorri zaie gazte denbora burura,
Gaztea berriz, non sortua den bihotzez oroituko da.
Loriatuak egonak gira zure obraren aurrian,
Holakorikan ez da agertu guretzat orai artian,
Xoraturikan beti begira, pentsamenduaz airian,
Gorputza hemen ginuen, bainan bihotza Euskal Herrian.
Zorionean etorri zira Pedro Otaño, gutara,
Ameriketan galdu ez dadien gure aitamen euskara.
Guziek, esku elgarri emanez, egin dezagun indarra,
Ideia ona ekarri duzu; badugu zure beharra.
Orai artean ez da agertu holako obra ederrik,
Ameriketan, zu izan zira, egin duzuna, lehenik;
Zure fama ez da zabaltzen «Laurak Bat»-ean bakarrik,
Laudorioak hartu dituzu Zazpi Probintzietarik!
Zu bezalako asko presuna jiten bada gure aldera,
Emeki-emeki hurbil gaitezke guziak elgarretara.
Abiatua ziren lanari beti segitzen bazira,
Ameriketan Euskal Herriak laster formatuko dira.
Jose Mendiague
Buenos Aires-en. 1900, martxoaren 11an
JAUN ETCHEGARAY, MONTEBIDEO-KO «BAKETZALEARI»
Airea: «Gerla handi bat orai zaiku akabatu...»
Felizitatzen zaitut, Etchegaray jauna,
Ez daite aski estima egin duzun lana.
Zure obrak baduke sekulako fama,
Zutaz kontentik daude hainitz aita eta ama.
Zu ganik atera da ideia handia,
Makurren zuzentzeko, zer pentsamendua!
Jendiak hartzen badu zutan etsenplua,
Lur huntan izanen da behingo bakia.
Zure beharra izan da, oraiko aldian,
Jenden ezartzeko behar den bidian.
Makurturik zabiltzan, joan den aspaldian,
Batzuen eta bertzen, guzien kaltian.
Aita semiaren kontra, anaia anaiaren,
Errabian zabiltzan, guziak elgarren.
Zure kontseilu onak ez batuzte hartzen,
Gure Jainkoak daki zer gertatuko den.
Zenbat aita eta ama, nigarrez urturik,
Beren seme maitiak betikotz galdurik!
Bertze batzu ikaran zauden lotsaturik,
Zuk ezarri dituzu trankilisaturik.
Montevideo-n orai bada alegrantzia,
Akabatu delakotz odol ixurtzia.
Zu zirela medio egin da bakia,
Salbatu izan duzu hainitzen bizia.
Orai artian ein duzu obra ona hainitz,
Kanpoan eta barnian, tronpatzen ez baniz;
Zure sendimenduko hainitz gizon balitz,
Ez litake lur huntan gerlarikan berriz.
Orai alde orotan alegera gira,
Egin duzun obrari guziak begira;
Zure izena dabila batetik bertzera,
«Alabantza» guziak zuretako dira.
Jose Mendiague
MONTEVIDEO-KO MANERA
Airea: «Ageri duzu goizean...»
Montevideoko manera
Orai noha kondatzera,
Egia hainitz erraitera,
Gobernuari kontrario hainitz baitzaio atera Bota beharrez kanpora,
Berak sartzeko barnera,
Hau da oraiko afera.
Barnian dauden zenbait gorri,
Makurturikan elgarri,
Mintzo dirade zernahi.
Bertze ideiarik batere ez dute, denak aise nahiz bizi;
Arranja litazke naski,
Guzientzat balitz aski,
Ez laitezke mintza gaizki.
Orai daukaten auzia,
Elgarren kontra hasia,
Ez da aise jujatzia.
Elgarren desakreditatzen dute beren fantesia;
Ez da errex pentsatzia
Zoinek dioten egia;
Zer politika garbia!
Direnian abiatzen
Elgarren kontra mintzatzen,
Deus onik ez da izanen.
Lehenagoko zaharretarik beti hau nuen aditzen:
«Artzaina denian samurtzen
«Gasnak direla agertzen
Hemen hori da gertatzen.
Errabian daude hainitz,
Ganbera berritu nahiz;
Bertziak barnetikan irriz;
Kargua baino maitiago dute irabazia, segur niz.
Ekonomian ibiliz,
Ez litake gatu hainitz,
Platian xardinik ez balitz!
Kontseilu emaiten dira ari
Oraiko Presidentari,
Kargutik nahiz igorri.
Orai artian, jaun honek ez du kasurik eiten nehori;
Firme bere ideiari,
Beldur dela ez du iduri,
Frente eiteko orori.
Erran nahi du guzier
Bera aski dela guzien,
Xurien eta gorrien.
Bainan anaien artian gerlak deus onik ez du ekartzen;
Ez balin banaiz tronpatzen,
Malur hainitz da izanen,
Ez badira arranjatzen.
Deus onik ezin espera,
Desengañatuak gira,
Guziak bardin baitira.
Jelosian dabiltzan hoiek sartzen badira barnera,
Bakotxa bere aldera,
Guziak ariko dira,
Tiraka beren etxera.
Ez izaitekotz hoberik,
Ez da kanbio beharrik,
Xuri ez eta gorririk.
Mehe gizentzen kantsatuia da herria, ez ein dudarik,
Ez izan esperantzarik
Gosiak asetzekorik:
Behiak ez du esnerik.
Xuriak berriz kanpotik
Heldu omen dira kontentik,
Entusiasmoz beterik,
Montevideo-ren jabe eiteko ez omen dute dudarik.
Zonbat dauden tronpaturik,
Ez badute laguntzarik
Bertze republiketarik!
Ustez baduten laguntza,
Tronpatuak dira ontsa,
Haur gazte batzuen gisa.
Porteñoek eta Brasileroek emana gatik hitza,
Ez dute oraiko gaitza,
Makur xerkatzen dabiltza,
Lur hau ez dadien altxa.
Jaun horien malezia:
Ikusi-eta nahasia,
Gordetzen dute eskuia,
Zangoen azpian atxiki nahiz Montevideo-ko herria.
Ez dute lehen aldia,
Ez eta joko berria,
Rosas-ek erakutsia.
Orai gerlan dira ari,
Anaiak tiroka elgarri.
Ez deia dolu-eingarri?
Akabatu-eta, eginen dute gizon handi hoiek irri,
Emanez jende pobriari,
Sakrifikatu denari
Ospitalia jauregi.
Hainitz ait-amen semiak,
Ilusionez betiak,
Hor dabiltza tronpatuiak,
Zenbaitek, gaixoek, galdu dituzte, gazterik, beren biziak.
Gerlako irabaziak,
Horiek dira guziak,
Sinets zazue gaztiak.
Zuer kontseilu emanik,
Mihiz gerlari handiak.
Pobren enganatzailiak,
Berak etxetik atera gabe, egin nahiz balentriak:
Hoien abilitatiak,
Kentzen, akostumatuiak,
Bertzen buztanez uliak.
Gero hoien urguluiak,
Ustez einik balentriak,
Kontzientzia gabiak!
Zer irabazi ekar dezake hola odol ixurtziak?
Aitamen gaixoen tristiak,
Galdurik beren semiak,
Nigarrez daude guziak.
Kontent zirenak hastetik
Urrikituiak ondotik:
Zenbait badaude engoitik,
Batzuk zangoak, bertzek besoak, gorputzetik galdurik.
Bertze hainitz berriz trixterik,
Ez izanez sokorririk,
Partitu dira mundutik.
Montevideo-rat jin bedi,
Nahi duenak ikusi
Gerlak zer daukun ekarri:
Barnian bezala, melur eiten du, kanpainan dagon jendeari,
Partikulazki pobriari,
Zaldi, behi eta ardi,
Denez geldi dadin garbi.
Xuriak eta gorriak,
Elgarri emanik eskuiak,
Zabal zaitzuie begiak!
Makurrak, nekez, zuzentzen ditu, gerlako irabaziak.
Utzirik harma guziak,
Egin zaitzuie bakiak!
Hori behar du Herriak.
Jose Mendiague
OTXALDE «ENTRE-RIOS»-ETAN
Airea: «Nornahik zernahi erranikan ere...»
Gualeguay-rat jin zauku guarda bat, Otxalde,
Bi bertsu emaiteko ez da herabe;
Ezagunak girade, lehenago ere,
Hortakotz ni ez nauke salutatu gabe.
Banuke kuraie, gazte izanik ere,
Gertatzen bagire,
Gau baten pasatzeko loakartu gabe.
Ene herria Hazparne, zurea Bidarri,
Hurbilekoak gira, biak elgarri.
Nahi balin bazira, ni ganat etorri,
Gostua emaiteko euskaldun jendiari,
Badugu haragi, amo eta ogi,
Bertzetarik guti,
Ez zaitut atxikiko gose ez egarri.
Zu guarda izana zira, ni guarda semia;
Guretzat konbeni da libertitzia;
Desirazen nikezu, zure ikustia,
Zurekin egoiteko badut gutizia,
Nahiz zuretzat den nagusi izaitia,
Daukat sinetsia;
Halere plazer nuke aldean jartzia.
Omore ona daukat, gazte eta alegre,
Miseriaz betia izanik ere.
Sekulan enekilan gertatzen bazire,
Mintzaturen nitzaizu, mesprexatu gabe;
Badakit zirela ni baino hainitz hobe,
Hortaz segur zare,
Ni ganik badukezu beti ohore.
Afizionia badut bertsutan hartzeko,
Nahiz ez naizen zuri konparatzeko.
Atrebitu izan naiz hauien emaiteko;
Segur naiz ez zaiztala ordainak faltako;
Desiratzen nago zure aditzeko,
Hobeki ikasteko,
Badakit on zirela erakusteko.
Porto-Ruiz-en bizi naiz, fabrika batian,
Ikustera jin zaite, nahi duzunian.
Nahiz okupatua nagoen lanian,
Eguna galduko dut jiten zirenian;
Esperantzan nago, joan den aspaldian,
Jartzen naizenian,
Zerbaiten ikasteko zure aldian.
Jose Mendiague
EUSKALDUNAK BUENOS-AIRES-EKO ESPOSIZIONETAN
Airea: «Gernikako arbola...»
Izan da bozkario Buenos-Aires-etan,
Esposizioneko pesta eder hortan;
Euskalduna ageri zen alde guzietan,
Iparragirrek egin obra eskuetan.
Hoinbertze mila arima, gure bazterretan!
Ohoratu gaituzte, xapela eskuetan;
Zer alegrantzia zen gure bihotzetan!
Ikusiz maitatuak alde guzietan.
Kantatu izan dugu «Gernikako arbola»,
Munduak ikus dezan bihotzian dugula;
Erro onekin landariak utzi zituela,
Sekulan gal ez dadin euskaldun odola.
Erori izana gatik goratik behera,
Oraino haren arraza xuti daite bera;
Elgarrendako fidel egoiten bagira,
Hark utzi landariak zabalduko dira.
Espainol eta frantses Kantabriakoak,
Lehoinaren pare, bihotz noblekoak,
Garenaz geroztikan denek maitatuak,
Ez ahanztera utzi gure sorlekuak!
Gure Euskal Herriak, leku famatuak,
Munduan dira beti ongi estimatuak;
Hola bizi direnak, emanez eskuak,
Ez ahanztera utzi gure sorlekuak!
Holako pesta ederrak eginez ardura,
Denak elgarren ganat hurbilduko gira;
Ideia onak hartuz guziek burura,
Galdu dugun arbola jinen da nundura.
SAN JOSE-KO HERRIAN, KAIOLATIK GALDU DEN XORI BATI
Airea: «Etxeko anderia, heldu naiz zu gana... ».
Primaderian dira arbolak loratzen,
Orduan du xoriak ederki kantatzen,
Orai, Baten berrien hasten naiz kondatzen,
Plazeraren ondotik zer duen sofritzen.
Kaiolako xoria penetan da beti,
Borta ezin idekiz, joaiteko ihesi.
Bainan airian gora joaiten ez badaki,
Kanpoan hirriskuan beharko du bizi.
Zaindu behar du amak umia berekin,
Ihizlari gaiztorik hurbildu ez dadin.
Hor kolpatuz geroztik, lehenago behin
Zer ondorio duen behar luke jakin.
Ama batek bazuen xori bat kaiolan;
Ikustera joan-eta, ez du han hatzeman;
Duda gabez ez dio bortari gakoa eman,
Edo ihiztariek diote ereman.
Aise ateratu da hola, kaiolatik,
Borta idekitzilia izanez geroztik;
Gaixoa ibiliko zen airian gogotik,
Ez baliote kendu luma hegal petik.
Lehen luma bat falta, eta orai bertzia,
Ez ditake urrun joan holako ihizia,
Ez eta gora egin bere ohantzia;
Sasian beharko du pasatu bizia.
Ihizi eder horren hola eskapatzia,
Ama gaixoarentzat, hau da tristezia!
Arra batek joan dio aldetik emia;
Orai nigarrez dago, galdurik umia.
Xerka abiatu-eta, harrapatu dute,
Sasi baten barnian xori gaixoa triste;
Amari erran dio: «Enganatu naute,
Nik bihotzian nuenak ez ninduen maite!».
Ezin erran dezake inozenta zela,
Lehen ere izan da tronpatua hola;
Ontsa xartatuz geroz gazte den arbola,
Bazakien fruitua emaiten zuela.
Orai nigarrez dago, bihotzetik, zinez,
Aspaldian dagola barnetikan minez,
Erremedio onik harentzat badenetz,
Otoi senda dezaten, denbora laburrez!
Xori kantari pollit eta «cariñosa»,
Zure eritasuna ez da lanjerosa,
Bama izana gatik orai zure gaitza,
Bera aterako da, ez zaitela lotsa!
Gaztiak ein zazue suiet huni kasu!
Holako nahigabiak gerta ez diten usu;
Bakotxak bere lumak maite ez baditu,
Ihiztariak hurbil, ardura, izanen'tu.
Jose Mendiague
ESKUAL HERRIA, 1903-XII-12
KOBLARI BATI BURUZ
Airea: «Bidarritarra nuzu, bai nahi ere...»
Buenos Aires-etara, ene herritar bati,
Igorri behar dazkot sei bertsu berri,
Kaseta «Eskual Herria»-n inprentan ezarri.
Harat adrezatzeko igorri daut niri;
Nahi banaiz ari
Bertsutan elgarri,
Prest dagola beti,
Arrapostu emaitera prepara bedi!
Hortik kaseta batzu izan'tut eskura,
Irakurtu baititut neure gostura;
Bertsulari batzuer egon naiz begira;
Gu ere heiekilan abiatzen gira;
Ez naiz hainitz fida,
Ontsa ari dira;
Ene idurira,
«Mendi-Hurbil, guzien buruzagi da.
Orai hasiko dira kantuz, bi Hazpandar,
Ez ginuke huntarik makurrik behar;
Elgarren laguntzeko ein dezagun indar!
Gauzak ontsa pentsatuz paperian ezar!
Ez gaiten gaizki ar,
Errespetu ekar!
Egun edo bihar,
Besarkatuko dugu, bihotzez, elgar.
Ene jakitatiak ez du hainitz balio;
Inorantak enekin guti ikas diro.
Ez dut esperantzarik, saltzeko kario;
Erostunikan balitz, merke eman niro.
Banintz gaztiago,
Zu ganat jiteko,
Zerbait ikasteko,
Segur naiz on zirela erakusteko.
Euskaraz kantatzeko baduzu gogua;
Jainkoak argi beza zure burua!
Ez duzu gaizki egin, zuk, pentsamendua;
Euskara ez dadin betikotz galdua. Gure sorlekua,
Denez maitatua,
Zutaz lagundua,
Oraiko gaztientzat zer etsenplua!
Hartu duzun ideia ez utzi burutik,
Laudatuko zaituzte Euskal Herritik.
Gure Herri maiteak egon diten xutik,
Ein ahala egizu Buenos Aires-etik,
Ni Montevideo-tik,
Bihotz bihotzetik,
Ez izan beldurrik,
Nik lagunduko zaitut, ene partetik.
Jose Mendiague
PESTA EDER BAT DUGU HASTEN
Airea: Euskal Herrietan pesta egunetan ematen dena
Pesta eder bat dugu hasten,
Gazte eta zaharrak, oro alegera gaitezen;
Hunek nehor ez du tristatzen,
Pena doloreak oro baititu ahanzten;
Zaharrak hunek ditu gaztetzen,
Eta gaztiak berriz ero-arazten,
Soinua plazan denian jartzen;
Ttipi eta handi, guziak hurbiltzen.
Goazen beraz gaztiak, has giten jostatzen,
Neskatoko gazte hauien dantzarazten,
Euskaldun kostumak gal ez diten,
Leheneko zahar hoiek alegera daizten!
Orai bezala, lehen ere Euskal Herrietan,
Libertizione ederra frango gure lekuetan:
Asteak lanetan,
Beren funtsetan,
Batzu etxetan,
Kontentik igande egunetan,
Euskaldun langileak plazetan
Alegera dabiltza orotan,
Edan, dantza, kanta eta pilotan,
Denak lorietan,
Irabaziak sakeletan,
Zango besoez indarretan,
Ez da heien parerikan
Mundu honetan.
Neskato gazteak pestetan, ez ditazke egon etxetan,
Soinua plazan sendituz geroz, harat badoatzi lasterretan,
Kontentikan,
Jo dantzetan,
Plaza hetan,
Hedoirik gabe kopetan.
Gero laneko egunetan,
Beren aintzurrak eskuetan,
Aitarekin ari dira landetan,
Kantuz erdietan.
Ezkontzeko adinetan,
Berak ere desiretan,
Baliatzekotz denboretan,
Ezkont bertan!
Jose Mendiague
BUENOS-AIRES-TARRAK MONTEVIDEO-N
airea: ostalerrak eta letxeroak
Buenos-Aires-etarik zonbait gizon gazte
Montevideo-rat jinik, bisita ein daukute;
Gure ganat jitiaz plazer egin dute:
Triste dena heiekin alegera daite;
Gizonekin ibiltzen ontsa badakite.
Untzitik zirenian Montevideon jautsi,
"Ochoa"-ren etxia ez zaie ahantzi;
Bazakiten zonbaitek ontsa hango berri,
Ez zirela izanen tratatuak gaizki:
Euskaldunen gostua "Ochoak" badaki.
Edari onak dauzka, jatekoak hobe;
Zerbait ikasia da etxeko andria ere;
Euskaldun janariak dituenak maite,
Etxian badituzte, onak eta merke;
Galdatzia aski du izaiteko fite.
"Tabakera" goizetik tratuan zen hasi,
Dudarik gabe nahiz zerbait irabazi:
Ferietara joanik, handik du ekarri
Pastinagre eder bat, luze eta lodi;
Ochoa-ri eman dio sei "gindauen" sari.
Guziak elgarrekin izan dira mezan,
Debozione handian, euskaldun elizan,
Ni ere aspaldian ez bainintzen izan,
Belaunetarik minez, hantxe egon nintzan,
Otoitzian ari den saindu baten gisan.
Ederki ibili dira, batetik bertzera,
Montevideoko bazter hauien ikustera,
Batian "Union"-era, bertzian "Cerro"-ra,
Beren gostuko gauzak emanez ahora;
Ez dute miserian pasatu denbora.
Parke herrialdean, guri bazkaria
Eman izan daukute, ongi prestatuia;
Behiki eta bildots bat, ederki erria,
Eltze handi bat, oilo gizenez betia;
Mahainian ez zen falta arno emailia.
Mahainian ginenian trenpu onian jarri,
Graziano B..han ginuen guzien gidari;
Eri balin bada ere ez zuen iduri:
Nork eman ote dio erremedio hori?
Ontsa errerik, jan ditu, bi kilo haragi.
Bertze eri bat, aldian, Pettaka:
Bekatutik ez zaiten nehundik eskapa:
Haragi jatetikan pribatua baita,
Galdurik medikuak eman errezeta,
Oilo bati lotu zen, haragiz ase-eta.
Apetitu onekoak, han ziren guziak,
Garbi utzi zituzten gerrena eta eltziak;
Gero kantu errepikan, ederki asiak,
Hola bete badituzte haurrian hertziak,
Ez dirade amasok kilutik haziak.
Ochoa-ren partetik bazuten laguntza,
Kostumatua baita lan hoietan ontsa;
Badaki nola kendu barnetikan hotza;
Ez da delikatua, hortzez da zorrotza,
Ardirikan ez badu, jaten du bildotsa.
Bazkari eder hartan nor ziren "zozio",
Izenak emaiten 'tut bertsu huntan oro:
Pettaka eta Zimarron, Tabakera gero,
Pottolo ezarria zuten "tesorero",
Guzien aintzindari, President Graziano.
Omore onekoak sortuak mundura,
Badakite ibiltzen guzien gostura,
Ez da horien ganik jaliko makurra,
Ideia onak 'tuzte hartuak burura,
Agian jinen dira gu ganat ardura!
Permisionerik gabe hola mintzatzia,
Gaizki egina bada, har pazientzia.
Betidanik izan da ene malezia;
Erran ditazken gauzak kantuz kondatzia,
Jaunak otoi barkatu nere ausartzia!
Jose Mendiague
ESKUALDUN ONA 1907-IV-26
MONTEVIDEO-KO ARRAIN-SALTZALE BATEN ZALDIAREN BIZIA
Airea: "Nahi balin bagira hil-eta salbatu..."
Esplikatzera noa zaldi baten planta,
Ez zaiteztela otoi, nehor espanta,
Alde guzietarik dolugarri baita,
Aspaldian galduak ditu ama eta aita,
Barnetikan hits da,
Laburtua bista,
Ezin ontsa trata,
Beti zerbait falta,
Erremedio onik horrentzat ez da.
Sortuz geroz bizi da munduan penetan,
Udan beroz, neguan hotz-ikaretan,
Batian ferietan, bertzian karriketan,
Zangotik maingu eta besoez herrestan,
Joka kostilletan,
Kurri dadin trostan,
Tatxarik ferretan
Sekula ez du izan,
Ez du nagusi txarra Ameriketan.
Burua apal dauka, begiak ilunak,
Ez du alegeratzen bere fortunak;
Lotsaturikan dauka egun oroz lanak,
Indar ein behar-eta, ahulduak zainak,
Hortzak eta haginak,
an guti eginak,
Zorrotzak letainak,
Zilintzan ezpainak,
Ez du fatura txarra etxean daukanak.
Goizetan badabila, kargatua arrainez,
Pasatzian guzier agur emanez;
Ez du fantesiarik sekulan indarrez,
Noiz nahi eroria lurrerat belaunez,
Gogor da errainez,
Bizi, guti janez,
Sabeletik minez,
Non nahi eginez,
Nehor ez daite hurbil horn usainez.
Indarrik ez du, bainan badu malezia,
Freskorik pasatzeko bere bizia;
Bizkarreko larrutik hartzen du airia;
Uliak ezin kenduz bataila gorria,
Heiekin du auzia,
Aspaldi hasia,
Neke irabaztia;
Hau du desgrazia:
Gaizoak buztana errotik dauka hautsia.
Gizenaren partetik bizi da bakian;
Bortz ontza haragi ez du gorputz guzian;
Gastu guti egiten du "alfafa" berdian;
Ez du hortzik hautsiko artoa jatian;
Segur du arratsian
Lastoa establian,
Belarra pentzian,
Ura iturrian,
Holako nagusia daukano etxian.
Zaldi hori jabiak dabilan moduan,
Ez du hezur osorik bere buruan,
Makila batez joka, lan egin onduan,
Kriminel bat bezala ez dago trenpuan,
Etxe inguruan,
Deus ez den lekuan,
Korda bat lepuan,
"Grilloak" zanguan,
penitentzia frango eginez munduan.
Pena frango badauka, mantentzione guti;
Ez zaio hainitz gostatzen nagusiari;
Gosiak dauka eta nonbaitik jan nahi,
Ez da delikatua, on zaio zernahi
Lotzen da orori,
Ahal badu beti,
"Berduleroeri"
Janez zonbait arbi,
Gibelaldia ez dauka sekulan garbi.
Errefriatua da, joan den aspaldian,
Ez dauka soinu txarra bere barnian,
Aintzin-gibeletarik, eztulka, errabian,
Beti musika bera etxian to bidian,
Zorna muturrian
Eta bizkarrian,
Zilo bat erdian,
"Llagak" zintzurrian,
Ez da horrenbertze gaitz ospitalian.
Lepoa mehe dauka, belaunak lodiak,
Ez ditu leku batian tatxa guziak,
Beharriak dilingan, bekainak hautsiak,
Ontsa karesatzen du bere nagusiak.
Gose eta egarriak
Zimurtuz hertziak,
Bihotzik gabiak,
Holako jabiak,
Berak merezi luzke penen erdiak.
Ez dela aserik etzan, badu zenbait urte;
Zaldariak ez dio egiten kalte;
Kanpoko ihiziek salutatzen dute;
Pesta eginen dutela horrekilan uste.
Hortaz dago triste,
Hilen dela fite.
Asetzen balute,
Kuraie baluke,
Nagusia sanjatuz senda ditake.
Ez badu harrapatzen mantenu hoberik,
triste partituko da mundu huntarik,
Hezur eta larrua zakurrer utzirik,
Haragia arranoer ontsa adobaturik,
Miruak hertzetik,
Beliak begitik,
Lot diten gogotik,
Testamentu eginik,
Azken hatsa jabiari, gibelaldetik.
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1912-XII-01
MENDIAGUE OHETIK KANTUZ
I
Ez bedi estona jendia,
Ez baitut lehen aldia,
Ohetik kantuz artzia.
Esplikatzera abiatzen naiz aurtengo nere suertia:
Pentsaketa naiz jarria,
Galdurik osagarria
Nere fortuna guzia.
Uros eta alegera,
Joan zaut gazteko denbora;
Kontent sorturik mundura,
Geroztik hona ene bizia ez dut pasatzen gostura,
Beti zerbait arrengura:
Etxe zaharrian ardura
Erortzen da itaxura.
Galdu ditut bi fortuna,
Lehenik gaztetasuna,
Ondotikan osasuna,
Lehenbizikoa ez da itzuliko segur berriz ene gana;
Jin dakidan bigarrena
Otoizten dut Jainko Jauna,
Nitaz har dezan lastima.
Zenbait hilabete huntan,
Nere bizia penetan
Deramat ohe batetan
Ahoaz gora, geldi-geldia, gau eta egun oinazetan,
Higitu nahiz artetan
Hasten naiz, nere kaltetan;
Ez dut indarrik zainetan.
Lau medikuek aparte
Errebisatu izan naute;
Denak hitz batian daude:
Harria zautzu barnian formatu, bainan trankil egon zaite!
Elhe ederrak dituzte,
Sendoa naizela fite,
Bainan ni ohean triste.
Iragan egun batian
Arras manera tristian,
Eman ninduten mainuian,
Indar guziak galduak eta sofrikario handian;
Andria eta haurrak aldian
Zauden, nigarra begian,
Ustez nintzen agonian.
Kontsolatzeko, artetik,
Aditu izan ditut nik
Bi adiskide, aldetik
Mintzo zirela, elgarri erranez: «Ez dik erremediorik,
Fite joanen duk mundutik;
Mendiague-k, oraikotik,
Kantuak utzi behar tik! ».
Bertze eritasun bat ona,
Sartu zait erromatisma,
Ene hezurretan barna;
Azken egunen iragaiteko, zahartziari zer laguna!
Jainkoak igorri dautana,
Penitentzia samina,
Salba dezadan arima!
Leku txarrian dut hasia,
Herioarekin auzia:
Alde dauka justizia,
Zeren delakotz mundu huntako bizien eremailia.
Nahi badu joan enia,
Aski du xerka jitia;
Nihaur ez naite abia!
Badut abokat fidela,
Mediku on eta abila;
Ni baitan zuzen dabila,
Gorputz guzia erremedioz fretatu daut berehala,
Nihaurek ez dakit nola,
Ametz-ondoari bezala,
Ketan eman daut azala.
II
Gorputzetik haragia,
Nere ustez ongi hazia,
Ihesi joan zait guzia,
Ene gorputzak hola iduri du zahagi hustu berria:
Zimurtu zaio larruia,
Hezurrer kontra jarria:
Zer bihotz altxagarria!
Zanguak eta besuak,
Indar guziak galduak
Maltsorik daude gaizuak,
Manera tristian ezarri dauzkit gaitzaren ondorioak:
Hezur huts bilakatuak,
Iduri dute otsoak,
Hortzez benedikatuak.
Izan tudan sokorriak,
Dietak eta mainuiak,
Ez ziren agradabliak:
Ehun mila erremedio, denak okaztagarriak;
Gosiak eta egarriak
Idortu daizkit hertziak,
Ez hola kostumatuiak.
Nahiz arindua gaitza,
Ez dut handi konfiantza,
Bainan badut esperantza:
Behar'tuenak izanez geroz, satifa daite gorputza;
Hola triste du bihotza;
Barnia idor eta hutsa,
Bistan da ez dela ontsa.
Lau medikuren artian,
Zeremonia handian,
Hemen naukate ohian,
Batek utz eta bertziak hartu, denak ideia berian,
Solas ederrak mihian,
Gaitza joan zaitzu azkenian.
Egia dute, agian!
Jaun horien arabera,
Orai sendatuak gira,
Bainan ez naiz sobra fida:
Sofrikarioak joan zaizkit, bainan tristia da ene manera;
Laguntza behar ardura,
Ez bainitake mentura
Nihaur ohian jartzera.
Izan dudan ordenari
Segi ahal banindadi,
Ez nindaite hola geldi:
Manatzen naute jan dezadan eper, urzo eta oilaki.
Merke non diren banaki,
Gizen nindaite ederki,
Beharra badut segurki!
Zerbait izan dut sofritu,
Halere ez naiz lotsatu;
Hiltzerik ez dut pentsatu.
Hori gogoan atxikitzeaz probetxurikan ez dugu:
Egin nigar edo kantu,
Gizonak noizbait behar du
Sortzian ein zorra pagatu!
Jaunak, ni baitan etsenplu
Nahi baduzue hartu,
Hau behauzue aditu:
Ez dela behar erokerian, denbora sobera galdu;
Gorputzak kuidatzia on du;
Gaztian hoi eiten badu
Zahartzian ez duke dolu
Ez otoi pentsa dudala
Ideia ahala bezala,
Aise entregatzen naizela:
Gogoa bezain azkar banauka nik gorputzeko ahala,
Bainan hoztu zait odola,
Nor ez da zentzatzen hola?
Jainkoak lagun nezala!
Jose Mendiague
EUSKAL-ERRIA, 1913-11-09
XABIER HARRIET AIHERRAKO APEZARI
Airea: «Lili bat ikusi dut...».
Aiherrako herrian zauden erretora,
Ez duzu beti elizan pasatzen denbora,
Bisitak eiten 'tutzu, gauza den lekura;
Egin duzun lanetik, hori ageri da.
Jauna, zuretzat badut orai zertaz mintza,
Egien aditzeaz ez zaitela ofentsa!
Hobenik ez duena ez dirot akusa,
Hori ikasia naiz aspaldian ontsa.
Emazte bat bizi zen zu zauden herrian,
Adinez zahartua, bere jauregian;
Ardura ibili zira haren inguruan;
Kontseilu onik bide zen zure liburuan.
Adinez zahartu, eta indarrez flakatu,
Orduan du Jainkoak zerutik galdatu;
Deusik ez da oraino, ez bada tronpatu,
Zure kontseilueri delakotz fidatu.
Zahartuz geroz on da kontseilu emailia,
Harentzat, izan zira zu, paregabia,
Zuhaurek hartu duzu lanaren saria,
Zu zira egiazko itsu-gidaria.
Ustez bertzela ez ziron salbatu arima,
Zure eskuan utzi du bere ontasuna.
Azken orenerako, zer kofesor ona!
Ez ziradeia beldur, Jainkoak kondena?
Zuk manatu bezala, ein du testamentu,
Hartan jabe ezarriz murde Mendiburu;
Bere ahaide guziak kanpo utzi ditu;
Zu zintuen kofesor, ez da mirakuilu!
Andre hark bazituen ontasun propiak,
Zuzenbidean, edo nolazpait, bilduak;
Jainkoak barkatu daizko hari, bekatuak,
Ez badu kondenatu zure kontseiluak.
Ibili izan zira, haren ontasunen,
Testamentu ein gabe, jaun bati eskaintzen,
Ustez zure iduriko gizonetarik zen;
Zu bezalakoa ez da non nahi kausitzen.
Arrapostu eman dautzu ez zuela nahi
Kontzientzian hartu karga handi hori,
Giristino legean nahi dela bizi;
Ez daukazu barnea harek bezain garbi.
Barnez zu iduria harrapatu duzu,
Isturitze herrian murde Mendiburu.
Harek barkamendua noizbait ukanen du,
Zuk bertzer ein duzuna, zuri egiten badu.
Xutitzen ahal balitz tonbatik Larregain,
Berri onik zuretzat ez lezake eskain,
Erran liro, suieta harturik bere gain:
«Oi zer otsoa dugun artaldian artzain!».
Halarik ere, gora daukazu kopeta,
Latinez hasiz geroz iduri profeta;
Jenden enganatzeko, eskola perfeta,
Zuzenen makurtzeko, oi zer abokata!
Eskola ederra duzu, noizbait ikasia:
Ahalge guti, bainan hainitz ausartzia;
Ez duzu errespetatzen bertzen «herentzia»;
Apeza izaiteko, zer kontzientzia!
Zuretako on dena, ezin utz bertzentzat,
Hori zer bekatua, erretor batentzat!
Zu hartzen zaituena, Jauna, etsenplutzat,
Ez da aise sartuko, hil ondoan, zerurat.
Manamendu sainduan daukagu ordena,
Errespeta dezagun guk zazpigarrena:
Dugunarekin geldi, utziz bertzerena,
Hori da zuk ikasi behar zinukena.
Ez zinuke zuk behar sartu elizara,
Manamendu sainduez trufatzen baitzira;
Eskritura sainduko hitzen arabera,
Erori behar zira ifernu zolara.
Jainkoaren legeak ahantzi bazaitzu,
Ene kontseilu oner egin zazu kasu:
Eliza abandona, abitua kendu,
Zu bezalako apezak, hori ein behar du!
Gure arimarentzat, zu, zer medikua!
Emaiten duzunian holako etsenplua:
Ez baduzu bertzentzat hobia kontseilua,
Urrikari dut, Jauna, zure populua.
Profanatzen dituzu soineko abituak,
Bai eta ostikatzen liburu sainduak;
Zutarik urrun dira, Jainkoa eta aingeruak;
Pesta trankil ein diro zurekin deubruak!
Bekatuen ondotik da penitentzia;
Hartaz garbi dirozu, zuk, kontzientzia,
Bainan hola segituz zure malezia,
Kaiola batetako, zu, zer ihizia!
Ez ahanztera utzi ene abisua,
Nahi baduzu arima izan salbatua:
Purgatu behar duzu egin bekatua,
Bertzela izanen zira segur danatua.
Euskal Herriko jender ez eman hobenik,
Present hau heltzen zauzu Ameriketatik;
Ni ez nindaite kexa, ez banauka minik,
Injustizian hola, zuhaurek eginik.
Ez zaitela enetzat, zu Jauna, samurtu!
Gaizki egina, nolazpait behar da pagatu.
Egiliak ala errailiak ein duen bekatu,
Egun batez, Jainkoak jujatuko gaitu.
Jose Mendiague
ESKUAL HERRIA, 1907-II-11
LETXEROAK ETA OSTALERAK
Amerika hotako esne-saltzaliak,
Libertizionerako parerik gabiak,
Giristinotasuna dira ikasiak:
Bataiatzen dituzte guziek esniak;
Ez dira enpatxatuko haur sortu-berriak.
Erreparto egiterat goizetan badoazi
Beren "kardinetarik" einez zenbait jauzi;
Batian hartu eta bertziari utzi,
"Tarroan" ura frango eta esne guti;
Erakiturik ere, ez da joaiten goiti!
Omore ona dute goizetik, ardura,
Nork daki zenbat aldiz, trenpatuz zintzurra.
Bortaz borta, oihuka: "Vendo leche pura!"!
Hiruetarikan bat, segurikan ura;
Ez du balio ezartzia berotzera, sura.
"Manteca" kendu-eta esnia flakatu,
Ur zorta batekilan berriz emendatu;
Bortz "tarro" eros, eta zazpi-zortzi saldu;
Holako tratulantak ez dezake galdu;
Oi, zer negozioa! Beti irauten balu!
Errepartoa ein-eta, zuzen ostatura,
Joko beretik bizi diraden lekura,
Erranez: "Saldu diuk, esniarekin ura,
Aise kenduko die gaineko gordura,
Biziki hobe diaguk "tambo"-ko gazura".
Ostalerak eiten du bere baitan irri:
"Urak emanak, urak kenduko daizk hiri";
Keinu egiten dio bere mutilari:
"Hik ere egin ezok lan bera arnoari!
Moneda beretikan paga dezan sarri".
Letxeroak bezala dira ostalerak,
Su-hiltzale hoiekin juntatu beharrak;
Badakite nola ken arnoari indarrak:
Ez izana gatikan edale azkarrak,
Mozkortzekotz behar du barril bat, bakarrak.
Etxian badaukate kapital segura,
Hortakotz bizi dira guziak gostura,
Alde guzietarik "canilla"-tik ura,
Martxantak, zangoz goiti jartzen ez badira,
Ez zaie aise joanen arnoa burura.
Non nahi galda dadin "caña" edo likurra,
Beldurrik gabe edan ditake gostura;
Ez du zeren galdatu deusetako ura,
Arranjatua dago behar den trenpura,
Ez erretzeko gisan nehori zintzurra.
Apetitu biltzera "mostrador" ondora,
Ez dugu alfer pasatzen zonbaitek denbora:
Batek "Bitter"-a, eta bertze batek "Byrrh"-a,
Edanikan ere golpez hamabira,
Sartzian bezain fresko ateratzen gira.
Bi negozio dira, biak parekuak,
Batzu ostaler, eta bertziak letxeruak,
Mainuen emaiteko, oi zer medikuak!
Ez ditugu galduko burutik zentzuak,
Atxikitzen gaituzte ur hotzez hantuak!
Horietarik zenbait direnian hiltzen,
Deubruiak lepotikan ditu harrapatzen,
Haren aztaparretik Jainkoak ateratzen,
Ez du nahi ifernurat sekulan sar diten,
Beldurrez hango suia, urez hil dezoten.
Estimagarri dira holako jendiak,
Zintzurra patar, eta zabalak hertziak,
Ez diote kalte eiten sekula edariak,
Den lekuian ez ditu itoko egarriak,
Lanjer gehiago du hoien zamariak.
Jose Mendiague
EUSKAL ERRIA, 1912-XI-10
LORENZO LATORRE MONTEVIDEO-KO GOBERNADOREARI
Mila-zortzi-hiru-hogoi hau da hamazazpi,
Montevideo-n nahi naiz bertsuetan hasi,
Aspaldian baitugu zerbait ikusi,
Urte guziez gerlan, trankil ezin bizi;
Orai bat gelditu da guzien nagusi;
Makurren xerkatzailiak joan dire ihesi.
Aurten gobernadore Lorenzo Latorre,
Zure obra ederrer denak beha gaude,
Zu ateratzen zira justuien alde.
Gaizki egiten duena puniturik ere,
Nehork ez du hartuko penarik batere;
Justizia zuzenak, horiek dire.
Zuk egiten daukuzu dener justizia,
Punitzen duzularik gaizki egilia;
Errespetuz daukazu mundu guzia
Zuhaurk, gobernatzeko baduzu eskuia;
Iduri duzu espresa, hartako sortuia,
Ez da gaizki emana, zuri, karguia.
Nazione guziak zaitugu laudatzen;
Zure jakitateaz duzu merezitzen;
Erakusten daukuzu, dener, bizitzen;
Orai ikasiko du makurrak xuxentzen,
Bere burua badu deusik estimatzen.
Zu bezalako baten beharra bazen.
Zenbait, ongi usatuak, orai daude triste,
Beren ofizioak profitatu gabe,
Heien denbora onak, denak joan dire;
Lehenago ez zuten beldurrik batere;
Aise egiten ziren bertzerenaz jabe,
Orai, zure beldurrez, ikaran daude.
Orai ezagutzen da zure larderia,
Humiltxago dabila orotan jendia;
Ez da lehen bezenbat gaixtakeria;
Zure ordena dugu, denek sinetsia
Hobexago dugula zuzen ibiltzia:
Beldurrak zain-arazten du mahastia.
Ez dezakezu egin guzien gogora,
Holakorik ez zaiku sortuko mundura.
Onen abantail dena, gaiztoen malur da.
Zutaz jelos direnak beti izanen dira,
Heiek zure menean egoiten badira,
Ixtant baten bakean izanen gira.
Aspaldi huntan bazen, hemen, zure falta;
Noizbait agertu zira, ez baita beranta.
Zure baitan daukagu gure esperantza;
Ideia hobekorik nehun ezin hauta,
Xerkaturik ere, bertze bat ez baita,
Zu zira, lur huntako guzien aita.
Zuretako munduan oro berdin dire,
Ahaide, adiskide,aberats eta pobre,
Diferentziarikan ez da batere;
Legien konplitzeko baduzu kuraie,
Behartzen zarenian, zure alde gare,
Oihu eginen dugu: «Biba Latorre».
Jose Mendiague